ETXERAT. Egoera eta erabaki mingarriek kolpatu gaituzte hilabete honetako azken bi asteetan. Joan zen astean Karlos Apeztegia atxilotu eta espetxeratu zuten. Etxerat Elkarteko lankidea dugu Karlos, frantziar Estatuan dauden euskal presoen senideei ematen diegun laguntza tekniko eta humanoan dihardu. Aste honetan, bestalde, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du atzera bota Espainiako Estatuak euskal presoen zigorrak ez zenbatzeko duen salbuespen legedia.
Albiste txarrak dira biak. Elkartea osatzen dugun senideotatik haratago, euskal gizartearen gehiengo zabal batek behingoz antzean utzi nahi duen agertokia mantentzeari begirako egoerak izan dira. Froga nabarmenena joan den larunbatean Donostiako kaleetan ikusitako jendetza da eta, baita, bakearen eta gatazkaren ondorioen konponbidearen alde eragile politiko zein sindikal, instituzio eta gizarte zibilak egiten ari diren lana.
Lehenik, Karlos Apeztegiaren senideengana zuzentzen gara, ondo dakigulako zein egoeran dauden momentu gogor honetan. Gure laguntza, elkartasuna eta maitasuna adierazten diegu. Bere gurasoei zein bikote eta alabari, eta baita Karlosen gertuko adiskide guztiei besarkada beroa igortzen diegu. Eta zuri, Karlos, gure muxu eta besarkadarik sentikorrena.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiari dagokionez, ez gara balorazio juridiko edo politikoetan arituko, guri ez dagokigulako eta ez dakigulako. Hala eta guztiz ere, auzitegiak hartutako erabakia guztiz eztabaidagarria dela adierazi nahi dugu hitz larriz. Askotan aipatu izan dugu ingenieritza juridikoaz, baina hori baino haratago doan afera batetaz ari gara, bakeari ixkin eginez espainiar Estatuak mendeku gosea asetzeko eta zikin jolasteko aukera indartzen dio. Zoritxarrez, salbuespen neurri hauei Estrasburgoko epaileek babesa emanez, legea eta justiziaren arteko arrakala ageriko geratzen da.
Bide erraza izango zenaren pentsamendu edo esaldirik ez dugu inoiz aipatu. Ez dugu ukatuko zailtasun, traba eta oztopei nahiko genukeen baino gehiagotan aurre egin behar izaten diegula, halabeharrez. Uste baino gogorrago egiten zaigula ere esan behar dugu eta, askotan, arnasa falta zaigula ere esan dezakegu. Baina ez gara honaino iritsi, izardi eta odolez, besoak jaitsi eta etsitzeko. Bizitutako eta bizitzen ari garen sufrimendu eta oinazeak zerbaitetarako balio izan dezan ez dugu inolaz etsiko. Bukatzen den bide bakarra alde batera uzten dena baita.
Eta gu ez goaz biderik amaitzera. Ez gara geldituko, ez dugu etsiko, are gutxiago amore emango. Etorkizuna begiztatzea lapurtu ezin diguten eskubidea dugu eta ez dugu horri uko egingo. Horrexegatik, beti bezala, baina inoiz baino arrazoi gehiagorekin, hain ondo dakigun bezala, burua altxatu eta aire berria hartuz arnasa hartzen dugu. Indarrak berreskuratu eta etorkizunera begiratzen jartzen gara, hemen gaituzue.
Animo eta aurrera. Lor dezakegu eta lortuko dugu!