ETXERAT (2020-X-21) Zergatik ez Zaballara? EPPK-ko 222 euskal preso politikoetatik (31 Estatu frantsesean daudelarik), 11 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan.

Iragarri denaren ondoren, nahiz eta lekualdaketak egon diren, gure senideek urruti jarraitzen dute eta guk urruntzearen ondorioak pairatzen jarraitzen dugu.

Zergatik ez dituzte gure senideak Euskal Herrira ekartzen? Zergatik eramaten dituzte Darocara edo Dueñasera? Zergatik Estremerara, Euskal Herritik 520 kilometrotara? Zergatik ez Zaballara?

Zergatik mantentzen da inposaketa, nazioarteko erakundeen eta osasun-agintarien gomendioen kontra egon arren, osasun-larrialdi honek eragin duen egoera dramatikoaren aurrean?

Zergatik ez da kontuan hartzen herrialde honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren nahia eta pandemiaren testuinguruan euskal preso guztiak euskal espetxeetara ekartzea eskatu duen Eusko Jaurlaritzaren borondatea?

Ezin dugu horrela jarraitu. Justifikaezina da euskal presoen eta haien familien aurkako salbuespenari denbora gehiago eustea.

Bizikidetzarako eta behin betiko bakerako bidea oztopatzen duen traba da.

Izan ere, gure senide presoak, haien borondatez, espetxe-legediaren bidean aurrera egitea moteltzen eta eragozten jarraitzen dute, espetxetik ateratzeko ikuspegitik.

Larri gaixorik dauden 18 presoak eta 65 urtetik gorakoak espetxetik ateratzea da eskatzen duguna.Eta baita berehalako askatasuna Haranburu, Esnal eta Parot kondenatuentzat ere.

Preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen ez diren bitartean, lanean jarraituko dugu eta Donostian urriaren 24an Izan Bidea-k burutuko duen bezalako ekimenak eta mobilizazioak babesten jarraituko dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

DATUAK:

Espainiar Estatuan lekualdaketak (2018ko ekaina geroztik)

  • 63 lekualdaketa

o   12 Euskal Herriko espetxetara

o   51 hurbilago dauden espetxetara

  • 58 preso lekualdatuak:

o   Fernando Alonso: 2 lekualdatze

o   Oier Goitia: 2 lekualdatze

o   Unai Fano: 2 lekualdatze

o   Kepa Arronategi: 2 lekualdatze

o   Xabier Atristrain: 2 lekualdatze

  • Lekualdatu eta ondorengo asteetan 10 preso aske gelditu ziren.
  • Beste 15 lekualdaketa iragarrita, oraindik gauzatu ez direnak

Frantziar Estatuan 27 lekualdaketa-hurbilketa Lannemezan eta Mont-de-Marsan espetxeetara 2018ko otsailetik, 2019ko urrira bitarte.

  • Hoietatik 6 aske gelditu ziren ondoren eta beste 3 espainaratuak.

zaballa.jpg