Zapikateak6

ETXERAT. Zapikateak bezala ezagututako giza kate jendetsuak egin ditu Etxeratek Gasteiz, Iruñea eta Baionan, Giza Eskubideen egunean eta dispertsioaren aurka. Jarraian, amaierako ekitaldietan egindako adierazpenak dituzue:

Bederatzi senide asteburu bakar batean zaurituak istripu batean egitera derrigortzen gaituzten bidaietan; larriki gaixorik den euskal preso politiko bat Alcalá Mecoko espetxeko funtzionarioek erasotua, eta elkartea kriminalizatzeko saiakera berri bat. Hau guztia, gaur arte, Giza Eskubideen Egunera arte, azken 15 egunetako balantzea da. Urtebete igaro da toki eta data berean zein helburu berdinarekin azkenekoz bildu ginenetik. Orduan bezala ere, gauza bera galdegin behar diogu estatu espainiar eta frantsesari. Zer egin dute urte honetan zehar Giza Eskubideen errespetua sustatzeko? Zenbat lan eta esfortzu bideratu dute eskubide horien ezagutza eta ezarpena ziurtatzeko?
Non geratzen dira urte honetan zehar istripuak jasan dituzten 22 senideen Giza Eskubideak? Non geratzen dira trukerako txanpon bezala erabiliak izaten ari garen gu guztion Giza Eskubideak? Non gure kartzelatutako, urrundutako, dispertsatutako, isolatutako eta erasotutako gure senideenak? Non daude larriki gaixo diren presoen Giza Eskubideak, mendekuaren izenean osasunerako eta bizitzarako eskubideak ukatzen dizkietenean? Non geratzen dira Giza Eskubideak 27 urte bete dituen salbuespeneko kartzela politika batek sari bezala saltzen dituenean?
Badakigu erraza dela Giza Eskubideen urraketak salatzea urruti gertatzen direnean, Eta zenbat eta urrutiago gertatu, orduan eta errazagoa da gure sentsibilitatea erakustea, haien aurka kokatu eta salatzea. Baina guk salatzen ditugunak hemen gertatzen dira, euskal gizartearen markoan, ikusi eta ezagutzen ditugun herritarren artean. Egungo kartzela politikaren ondorioei lotuta dauden herritarrak, duela 27 urtetik aktibo mantentzen den eskubideen urraketa markoa.
Eta ez, ez da erraza horiek salatzea. Ardura eta konpromisoa beharrezkoak dira, esfortzua eta ausardia ere. Eskubide urraketen aliatu nagusia isiltasuna izan da beti, eta horregatik isilarazi nahi izan gaituzte, hemen egon gaitezen oztopatu, esan behar duguna inork aditu ez dezan.
Baina Giza Eskubideen errespetuarekiko dugun konpromisoa, pertsona guztien eskubideekiko, gaur hona ekarri gaituen arrazoia da. Gure ardura da sufritzen ditugun urraketak salatzea, ez direlako sekula pertsona gutxi batzuen eskubideak urratzen, baizik eta gizarte oso batenak. Aspaldian hartu genuen esfortzu bat da, zailtasunak gorabehera eta nahiz eta mehatxuak jaso, ez egiteak, agertoki ezberdin bati uko egitea litzatekeelako, etorkizunari eta bakeari uko egitea litzatekeelako.

GIZA ESKUBIDEEN ERRESPETUARENGATIK, DISPERTSIOA STOP

 Zapikateak1

 Zapikateak2

Zapikateak3

Zapikateak4