XVII. BATZAR NAGUSIA OSPATU DUGU TOLOSAKO LEIDOR ARETOAN
ETXERAT. Gaur Etxerat Elkartearen XVII. Batzar Nazionala burutu dugu Tolosan. Lehenik eta behin, itxaropenez beteriko mezu bat helarazi nahi dugu, zailtasun guztien gainetik, aurrera darraigu. Aurreko urtean Leioan egindako batzarretik hona, salbuespeneko espetxe politika eta urrunketa behin betiko amaitzeko eta larri gaixo dauden presoen askatasuna lortzeko hainbat urrats nabarmen eta esanguratsu eman dira, eta hau guztia gure lanaren etekinen zantzuak direla aurreikusten dugu.
Baina ez dugu gezurrik esan nahi gaur hemen. Egun Espainiar Gobernuaren eta sakabanaketa eta urrunketaren aldeko sektore inmobilisten jarrerek beldurtzen gaituzte. Guk eta gure senide presoen presio eta sufrikarioak arintzeko egon daiteken aukera oro neutralizatzeko egiten ari diren interbentzio eta esku-hartzek beldurra ematen dute. Harriduraz eta etsipenez hartzen gaitu “bakea” hitza beraien hiztegitik ezabatua dagoelako. Aldiz, salbuespeneko espetxe politika bere horretan mantentzen jarraitzen dute, horrek dakarren ondorio lazgarri guztiekin. Igaro den urte honetako balantze tragikoaren datuak sufrimendua ageriko uzten dute; 11 ezbehar izan ditugu errepideetan (2017an 9 izanik eta 2018an, oraingoz, 2), gaixotasun larriak dituzten euskal presoen kopurua igo egin da 22 izateraino eta zortzi hilabeteko epean 3 euskal preso politiko, HIRU, hil dira.
Horregatik ozen salatzen dugu Xabier Reyren heriotzaren erantzukizun osoa espainiar Estatuak mantentzen duen salbuespeneko espetxe politika suntsitzaile honek daukala. Xabier Rey kondena luzea duten eta urrun dauden espetxetan betetzen ari diren euskal preso politikoen kolektiboko kidea zen, hondatze fisiko eta psikiko nabarmena sufritzen duten kolektiboko kidea zen. Indarrez salatu behar da euskal preso politikoen %95a lehen graduan mantentzen dutela eta aplikazio sistematiko horrek espetxe legedian aurrerapausorik lortzeko ate guztiak ixten dituela. Baina, are gehiago, espetxe jarduera oro egiteko oztopo eta debekuak sorrarazten ditu espetxe bizitzari aurre egiteko eta zigor osoa bete bitarte mantendu egiten da.
Baina sufritu dugun urte mingarriaren gainean, aurrera egiten jarraitzen dugu. Ipar Euskal Herrian, jendarteak zein eragile politiko eta sozialek aurrerapauso erabakigarriak eman dituzte. Nabarmentzekoak dira ETAren armagabetze prozesura muturreraino eraman zuten bakearen artisauek jokatutako papera edo espetxe politika leuntzeko ordezkari instituzionalek eta eragile sozialek egindako lana. Hego Euskal Herrian, ere, instituzioak eta eragile politiko, sindikal eta sozialak gero eta inplikatuagoak daudela aipatzekoa da. Salbuespeneko espetxe-politiken ondorio larriei buruzko ezagutza eta kontzientziazio soziala gero eta handiagoa da. Hamaika ebazpen, adierazpen eta mozio onartu dira instituzio ezberdinetan. Larri gaixo dauden dauden presoen askatasuna exijitu dute indar sindikalek. Inoiz bizi ez dugun egoera bat ezagutzen ari gara, eragile eta instituzioek euskal gizartearen gehiengoaren nahia jasotzen ari dira.
Foro Soziala gizartean gehiengo handi batek hartu duen bidearen erdiko erraila da jadanik. Bide horrek bake zuzen eta egiazko bakerantz eta gatazkaren konponbidera eramaten du, iraganeko egoera errepikatuko ez den bermearekin. Foroan Elkarte moduan dugun esku-hartzea aktiboa eta pro-aktiboa da, eta gure jomuga hurbilena honakoa da: presoen gaia agendan premiazko gai moduan kokatu eta gure senitartekoek eta lagun erbesteratuek eta deportatuek bizi duten errealitateari irtenbide bat emateari datza.
Espainiar eta frantziar Estatuek mendeku parametroetan mantentzen duten espetxe politika agerian gelditu da inoiz baino gehiago Europan. Joëlle Bergeron eurodiputatuak garatutako txostenak urrunketari gaitzespena egiten dio, senide eta lagunentzat zigor gehitua delako eta Europako parlamentarien gehiengo batek sostengua eman dio txosten horri. Frantziako Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak euskal presoak sistematikoki beren senideengandik urrunduak direla eta horrek familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen duela esan du bere urteko txostenean. Bestalde, Etxerat Elkarteak egindako lanaren ondorioz, beste emaitza batzuen artean, europarlamentariek gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoei bisitak egiten hasiak dira, haien egoera salatzeko asmoz eta haien askatasuna exijituz.
Iragan uztailean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, EPPK-k bere eztabaidaren ondorioak ezagutarazi zituen euskal gizarteari, eta haietan espetxeak husteko garaia zela nabarmentzen zen. Erabaki horren ondotik, EPPK osatzen duten presoek salbuespen neurriei aurre egiteko lege-bideetatik eta bide juridikoetatik aurre egitea zehaztu zuten, borroka juridiko bat hauspotuz, presoen askatasuna eta etxera bueltatzea helburua izanik. Horren baitan, Etxerat Elkarteak urrats irmo bat aurrerantz emateko erabakiaren berri eman zuen; gure estatutuek jasotzen duten moduan, gure senitarteko presoen laguntza juridikoaren eta osasun asistentziaren ardura gure bizkar hartzearena hain justu. Osasun asistentziari dagokionez, guztira 91 preso ditugu nolabaiteko gaitza dutenak; horietatik 14k gaixotasun larriak dituzte; antzeko baldintzetan beste 8k ez dute nahi publiko egitea beraien egoera larria.
Testuinguru honetan, euskal gizarteari egiten diogun laguntza eskaera agerian jarri genuen, Etxerat-ek planteatzen duen erronka berri honi aurre egin ahal izateko. Dispertsioaren eta urrunketaren ondorioz sortzen diren premiak arintzeko ahaleginari eransten zaio Etxerat-en erronkari. Eta zinez eskertu behar dugu milaka emakume eta gizonek emandako konpromisoa eta ausardia.
Larrialdi egoeran gaude eta horregatik lortutako aurrerapena ez da nahiko genukeen bezain erabakigarria, baina geldiezina da. Eta ezin dugu hitzartze honi amaiera eman, emandako aurrerapausoen motorra zein izan den eta izango den aipatu gabe; euskal gizartea. Euskal gizartearengan konfiantza osoa dugula errepikatzen dugu, euskal presoen eta haien senide eta gertukoen eskubideen alde ageri den euskal gizartea.
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!