ETXERAT. Atzo Xabier Rey euskal preso politikoaren heriotzaren zorigaiztoko albistearen berri jakin genuen. Xabierren heriotza ekidin zitekeen. Heriotza berri hau ekidin zezaketen. Baina ez dute nahi izan. ETAren borroka armatuaren eteteak 6 urte beteak ditu eta urtebete beteko da erakundea armagabetu zela. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek, eta errepresaliatu politikoek, ordea, ezin dugu salbuespen espetxe politikak eragindako min eta sufrimenduaren inguruan iraganean hitz egin. Egunerokoan eta astero bizi baititugu senide eta lagunok espetxe politika ankerraren ondorioak.
Xabier Reyren heriotzaren erantzukizun osoa espainiar estatuak mantentzen duen salbuespenezko espetxe politika suntsitzaile honek dauka. Edo ez al da krudela, era kolektibo batean tratatuz, euskal preso politikoak lehen gradu gogor batean mantentzeko, erregimen itxi batean, etengabe, dagoen erabaki politikoa? Xabier Rey kondena luzea duten eta urrun dauden espetxetan betetzen ari diren euskal preso politikoen kolektiboko kidea zen, hondatze fisiko eta psikiko ikaragarria sufritzen duten kolektiboko kidea zen.
Lehen graduaren aplikazio sistematikoak espetxe legedian aurrerapausorik lortzeko ate guztiak isten ditu. Baina, are gehiago, espetxe jarduera oro egiteko oztopo eta debekuak sorrarazten ditu espetxe bizitzari aurre egiteko. Presoa giltzaperatzen dute. Isolamendua areagotu, deserrotzearen alde egin, muturreko egoerak eraginarazi eta etengabe mantendu. Hamar urtez lehen graduan preso egon ondoren, ze izen jarriko diogu Xabiren heriotzari? Sakabanaketa politikaren aldekoek ze esango dute honetaz haien ardura ukatzeko?
Lehen graduak programatutako aktibitateak edo espetxe instalazioetara sarbide izateko debekuak izatea suposatzen du, liburutegira adibidez. Patioko eguneko orduak 4 izanik eta otorduak ziega barruan egin behar dituztelarik.
Ez ote da krudela Xabier Reyren senide eta gertukoek 1.050 kilometro egin behar izatea Puerto de Santa Mariaraino, haien senide maitearen gorpu bizigabea ekartzeko, 10 urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen eta nekagarrien antzera? Zigor bikoitza eragiten duen urrunketa eta dispertsio politika berbera da senide eta lagunek jasan behar dutena. Espetxe politika horrek berak eragiten du senide eta lagunek ezintasunez eta minez egin behar izatea tramite eta dokumentazio guztia haien maitea lehen bai lehen etxera ekartzeko.
Espetxe politikaren indarkeriak Xabier Rey-ren heriotzaren gisako egoera lazgarriak eragiten jarraitzen du. Nahiz eta azkenaldian konpondu gabeko gatazka politiko horretan heriotza berri bat gertatzeko aukerak zeudela iragarri izan dugun, espainiar estatuak ez ditu espetxe politikak beharrezkoak dituen aldaketak hasi.
Joan den udan Kepa del Hoyoren heriotzaren aurrean esan genuen berbera diogu gaur hemen. Ezin dugu gehiago itxaron. Xabierren heriotza ekidin zitekeen. Heriotza berri hau ekidin zezaketen. Jakitun gara bide egokia aukeratu duela euskal gizarteak. Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian.
Erronka honi aurre egiteko konpromisoa, ausardia eta adorea eskatzen dugu. Euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean. Jakitun gara ala ere, kolpe honen ostean, berriz ere, ehundaka senide eta lagun errepidea hartu beharko dutela berriro ere eta errusiar ruleta horren menpe jarraituko dutela.
Gure mina azaldu eta gure dolumin eta elkartasuna helarazi nahi diegu Xabier Rey Urmenetaren senide eta gertukoenei. Zuekin gaude.
EZIN DUGU ITXARON! ESPETXE POLITIKA HILTZAILEA!
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!