ETXERAT (2022-X-14). Xabier Atristain Gorosabel presoa Martuteneko espetxera bueltatu behar izan da gaur arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso donostiarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu ostean.
Espainiako salbuespenezko auzitegiaren erabaki horrek bigarren gradura itzuli du Atristain, eta espetxeratu dute berriro.
Etxerat-etik gure haserrea adierazi nahi dugu, berriz ere, preso donostiarraren eskubideak urratzen dituen zentzugabekerien aurrean. Atristainek 12 urte bete ditu preso (14 hilabete barru zigorraren hiru laurdenak beteko ditu), nahiz eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2022ko urtarrilean ebatzi, Espainiak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi zioala Atristaini, ez baitzion utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen.
Otsailean, kondena etetea ebatzi eta kalera atera zen, baina, hala ere, berriro atxilotu eta espetxeratu zuten ekainaren 2an, Espainiako Auzitegi Gorenak 17 urteko zigorra ez berrikustea erabaki ondoren. Hala ere, eskatutako baldintzak betetzen dituela argudiatuta, beste euskal presoen kasu batzuetan bezala, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zion Atristaini uztailean.
Harrezkero, etxera joan zitekeen lotara. Irailean iragarri genuenez, Fiskaltzak 13 euskal presoren hirugarren graduen aurkako helegiteak aurkeztu ditu azken hilabeteetan, tartean Xabier Atristainena. Orain, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak errekurtsoa onartu du eta Atristain espetxeratu berriro.