ETXERAT (2023-VII-28). Uztaileko azken ostirala dugu gaurkoa eta berriz ere elkarretaratzeak deitu ditugu Euskal Herri osoan, urruntze politika gainditzeak ez duelako berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Are gehiago. Etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik.
Auzitegi Nazionalaren eta Ministerio Fiskalaren etengabeko jarrera oztopatzaile eta konfrontatzaileen aurrean, Xabier Atristrain eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari den jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik 12 urte baino gehiago espetxean sartzeko eta espetxetik irteteko zigor krudela ezartzen ari zaiela pertsona horiei. Gure ustez, jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua, eta, aitzitik, gizagabetzat baino ezin da jo.
Garrantzitsua da testuinguru horretan kalera ateratzea, are gehiago uda pasatu arte geratzen den denbora honetan ere. Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da.
Abuztuaren 5ean, 20: 00etan, Sarek deitutako manifestazioa Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, eta hurrengo egunean, igandean, hilak 6, Etxerat-en mobilizazioak izango dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko 15 hondartzatan. Abuztua ixteko, Sarek mobilizazioak deitu ditu abuztuaren 19rako Donostian eta 25erako Bilbon.
Izan ere, batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute euskal presoa eta iheslariak, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak.
Oroitu nahi dugu Sebas Etxaniz. Joan den astean zendu zen Elgoibarko preso ohia. 80 urte zituen. 2023 apiriletik baldintzapeko askatasunean zegoen. Erbesteko eta espetxeko urte luzeak ez zaizkio oharkabean pasatu Sebasi.
Aipatu nahi dugu testuinguru horren harira Nelson Mandelaren Nazioarteko Eguna izan dela eta, Arartekoak egindako erakunde-adierazpena Espetxe-administrazioaren ezaugarriak finkatzeko funtsezkoa iruditzen zaio Arartekoari, balore gisa, pertsona presoen duintasun-printzipioak, espetxe-aldia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea.
Animo eta berriro ere, datozen egunetan eta asteetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.
Etxera