ETXERAT. Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Elkar egoteko beharra dugu, benetako bakea eta gatazkaren konponbidea behingoz lortzeko, eskubideen urraketak gainditzeko eta gure senide preso, iheslari eta deportatu politikoak Euskal Herriratzeko.

Euskal preso eta gure, senide eta lagunen eskubideen aldeko pauso erabakigarriak ematen jarraitzeko gure prestutasuna erabatekoa da. Horregatik hain justu, ezin gara arriskatu egungo eskubideen bortxaketak normalizatzera. Jakin badakigu erosotasun osoz mantentzen dituztela espainiar eta frantziar estatuek salbuespeneko espetxe politikak eta edozein irtenbideari blokeoa ezartzeko erraztasunari. Horregatik, euskal gizartearen eskutik, iazko urtean SAREk Bilbon burututako manifestaziotik, pausu esanguratsuak eman ditugu.

Euskal gizarteak eman duen aurrerapausoa kualitatiboki azpimarratzeko modukoa da. Konpromisoz eta duintasun osoz, Estatu espainiarrak zein frantziarrak jarritako traba eta blokeo guztiak gainditu eta bake prozesua beste agertoki batera mugiarazi baitu, inori itxaroten jarraitu gabe. Apirilaren 8a Baionan eta abenduaren 9a Parisen horren isla dira, gizarte zibilak erresoluzio eta bakearen bidean ibiltzeko grina duela erakutsi du. Joan den urtean EPPK-k hartutako erabakiak ere agurtu ditugu eta Foro Sozialak garatutako lan garrantzitsuaren ondorioz, Eusko Legebiltzarrak eta Nafar Parlamentuak, Euskal Herriko sindikatuen babes osoarekin, larri eri diren presoen egoeraren konponbidea exijitu dute. Presoen urrunketa behingoz alde batera uzteko Europar Parlamentuak onartu zuen Bergeron txostena ere nabarmentzekoa da.

Intentsitate handiko urtea igaro da dudarik gabe, baina euskal preso politikoen kopurua jaitsi bada ere, askatasuna lortu duten guztiek beraien kondena oso-osorik bete dituzte. 6 urte bete direnean ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuela, adierazgarria da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak sufritzen dituen espetxe politika honen salbuespen neurri guztiak aktibo jarraitzen dutela, are gehiago, larri eri diren euskal preso politikoak espetxean mantentzeko salbuespen neurriak indar betean diraute. Estatuek haien borondate eza eta krudeltasuna mantentzen ari dira, sei urte hauetan sufrimendua eta mendekua izan dira nagusi.

Horregatik bide egiten jarraitzea suertatu zaigu, egoera honi bukaera emateko aukera bakarra delako herri gisa, gizarte osoa aurrera egitea. Gu prest gaude horretarako. Preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara, edozein preziotan irabazi politikoak lortu ahal izateko, erbestean edo kartzelan dauden gure senideen erabilpena ezagutu eta sufritzen dugu. Ezagutu eta saminez bizitzen dugu kartzelako salbuespen politika. Beraienganako gertutasun edo senidetzaren loturagatik kondenatuta gauden herritarrak gara gu, kondenatuak ere salbuespen politikak sufritzera: sakabanaketa, bere ondorio suntsitzaileak, gure eskubideen urraketak.

Urtarrilaren 13rako “Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude” lelopean SARE-k deituriko manifestaziora joango gara. Asteburu honetan ez gara kartzeletara joango, ez dugu bisitarik egingo. Egun horretan, gure lekua Bilbon dago, Bilboko karriketan izango gaituzue. Euskal gizarteari dei egiten diogu, urtarrilaren 13an Bilboko kaleek gainezka egin dezaten, eskubideen alde, konponbidea eta bakea exijitzeko. Larunbatean, Bilbon emango ditugun urratsak erabakigarriak izan daitezen aukera dugu. Gu, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok prest gaude!

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

naike.jpg