ETXERAT (2018-XII-21). Euskal preso eta iheslari politikoen senideok bildu gara, urtero legez, Santomas ospatzen den egun honetan Bilboko Udaletxe aurrean.
Preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara. Saminez bizi dugu, azken 30 urtetan gertatu den bezala, kartzelako salbuespen politika. Presoenganako gertutasun edo senidetzaren loturagatik kondenatuta gauden herritarrak gara gu, eta baita salbuespen politikak sufritzera ere: sakabanaketa, bere ondorio suntsitzaileak, gure eskubideen urraketak…
Ez dakigu zeinen mesedetan mantentzen ari den gure sufrimendua, baina badakigu euskal gizarteari ez diola onurarik egiten sufrimendu honen luzapen eta areagotzeak, normalizazio eta konponbidearen bidean oztopo izanik. Horregatik, beste behin ere, euskal gizartearen, instituzio eta eragile politiko, sindikal eta sozialen eskaera behingoz errespetatzea eskatzen diegu bi estatuei: gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna; adin nagusikoak diren presoen askatasuna; Espainiar estatuko euskal preso guztiak Zaballako espetxera hurbiltzea; zigor batuketa aplikatu eta zigor kodea aldatzea eta, azkenik, bizi osoko zigorra bertan behera uztea.
Testuinguru honetan, gizartearen aktibazioa, herriaren aktibazioa, ezinbestekoa da presoak Euskal Herriratzeko eta salbuespenezko neurriak desaktibatzeko. Horregatik aukera paregabea zabaltzen zaigu datorren urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan Orain Presoak dinamikak deituriko manifestazioak direla medio.
Benetako bakea eta konponbidea lortzeko ekinbide indartsuak izango direlakoan, kalera aterako gara gu ere, bakea eta konponbidearen alde egitera. Guztion eginkizuna da; jendartearena bere aniztasunean, eragileena, alderdiena, instituzioena eta, noski, estatuena.
Urtarrilaren 12an, “Bakegintza eta elkar bizitzaren bidean” lelopean Orain Presoak dinamikak deituriko manifestazioetara joango gara. Asteburu horretan ez gara kartzeletara joango, ez dugu bisitarik egingo. Egun horretan, gure lekua Bilbon eta Baionan izango da, eta euskal gizarteari dei egiten diogu, Bilbo eta Baionako kaleek gainezka egin dezaten, eskubideen alde, konponbidea eta bakea exijitzeko. Gu, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok prest gaude!
Etxean eta bizirk nahi ditugu!