ETXERAT (2021-III-13). VPRO Herbehereetako telebista publikoko talde bateko hiru kidek, euskal preso politikoen urruntzeari buruzko erreportajea egiten ari zirela, kotxe-istripu bat jasan dute gaur goizean Puertoko espetxetik gertu.
Kazetari taldea Madriletik abiatu da, Mirentxineko boluntarioen bi furgonetetan bidaiatzen ari zirelarik euskal presoen senidei jarraipena egiteko. Puerto I eta Puerto III espetxeetara zihoazen senideak. Kazetarien kotxea aurrean zihoan beste ibilgailua aurreratzeko maniobra egitean gertatu da istripua, une horretan abiadura handian eta norabide berean atzetik zetorren beste ibilgailu batek atzetik jo die.
Kolpea gogorra izan den arren, kazetariek ez dute kalte fisiko larririk jasan. Etxeratek elkartasuna adierazi nahi die urrunketaren ondorioak lehen pertsonan pairatu dituzten pertsonei eta lehenbailehen sendatzea opa nahi diegu.
Eta, era berean, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela datozen asteetan lekualdaketen kopurua handitzea, Andaluziako, Levanteko eta Galizako espetxeak euskal presoez berehala husteko, eta Euskal Herriko espetxeetara hurbil ditzaten, urruntzeak eragindako istripuen erruleta errusiarrarekin behingoz bukatzeko.