ETXERAT. Gaur Donostiako Hotel San Sebastianen, Amaia Izko eta Haizea Ziluaga abokatuekin batera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian jaso dituzten bi eskari berrien zehaztasunak eman ditugu. Batetik, presoen urruntasunarekin behingoz bukatzea, eta bestetik, zigor batuketa egitean Europako beste estatuetan aurrez betetzen diren zigorrak kontuan hartu behar direla eta hori arautzen duen europear lege-markoa behingoz errespetatzea espainiar Estatuak. Bi errealitate hauek eta beste batzuk, egungo espetxe politika osatzen duten salbuespen neurriak dira.
Lehenengo kasuan, ibilbide juridiko luze baten ondoren, Josetxo Arizkuren nafarrak sufritzen duen urruntasunaren aurkako errekurtsoa Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegira bidean da. Hortaz gain, estatu espainiarran espetxeratuak dauden gure senideen errekurtsoak, espainiako ibilbide juridikoa amaitutakoan, Europara begira jarriko dira. 260 errekurtsotaz ari gara hizketan, bakoitzak bere bide propioa eraikiko duena.
Eta bigarren kasuan, honek ere espainiar ibilbide juridikoa igarota, Frantziar estatuan betetako kondenak Espainian haintzat hartzearen inguruan datza. Santi Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujikaren eskakizunak Europako Giza Eskubideen Auzitegian sartu berri dira, beste 21 preso politikoen errekurtsoak sartzeko prest daudelarik. Orotara 50 preso politiko dira Frantzian betetako espetxe kondena haintzat hartzen ez zaiena, eta horiek guztiak, bide judizialari ekin diote.
Etxerat Elkartetik, ilusioz eta poztasunez hartzen ditugu jardun judizial hauek. Baina ez dugu ahaztu behar laster 28 urte beteko direla giza eskubideak urratu egiten duen salbuespeneko neurri hau aplikatzen hasi zirenetik. Gure senide presoentzat deserrirako zigorra da eta guretzat, presoen senide eta gertukoentzat, astero bidai luze eta garestiak egitera behartuta gaudelarik, lotura afektiboak mantendu ahal izateko eta gure senideekin bizitza konpartitzeko, oso prezio altua ordaintzera behartuta gaude. Hamasei hildako eta ehundaka familien suntsipen fisiko, psikiko eta ekonomikoa eragin duena, garesti ordaindu duguna eta ordaintzen ari garena.
Gure senideen zigorrak luzatzeko legez kontrako bigarren saiakeraren aurrean aurkitzen gara. Europako marko erabakiaren arabera, beste Europako estatuetan aurrez betetzen diren zigorrak kontutan hartu behar dira zigor batuketa osoa egitean. Ingeniaritza juridikoa eginez, Gobernu espainola berak aitortu zuen bezala, 197/2006 doktrina aplikatzean, haien zigorra bere osotasunean beteta zituzten euskal preso politikoek ez zuten askatasuna lortu. Espainiako erresumaren aurkako epaia etorri zen ondoren Estrasburgoko Giza Eskubideean Auzitegitik baina, bitartean, urteetan, modu ilegalean kartzelan mantendu zituzten gure senideak.
Salbuespen neurriak, azpijokoa, iruzurra, aldrebeskeri juridiko eta eskubide urraketen aurrean ez dugu zalantzarik Estrasburgoko Auzitegiak gure eskakizunen aldeko epaia emango duela, baina, jakin badakigu, eta espainiar Estatuak badaki ere, guk eta gure senide presoek pairatzen dugun egoeraren aurrean urgentziazko soluzioak behar direla eta aldiz, denbora luzea pasatu beharko da Estrasburgoko erabakia ezagutu arte. Horregatik, Auzitegi horrek epaia eman aurretik, espero dugu, konfidantza dugu, neurri hoiek bertan behera geldituko direla, euskal gizartearengan konfiantza osoa dugulako. Euskal Herria gai izango da Espainiar Gobernuak inposatzen duen mendeku estrategiaren gainetik, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzea.