ETXERAT (2020-XII-16). Etxerat Elkarteak eta euskal mahastizainen ardo ekologikoak bat egin dugu 2020ko gabonetan elkartasuna etxeetara helarazteko.
Udatik martxan den “Depositoak bete elkartasun” dinamikari jarraipena emanez, senide eta lagunek astebururo sufritzen duten dispertsioaren gastu ekonomikoei aurre egitea da kanpaina berriaren xedea. Senide eta lagunei laguntza eta babesa eskaintzeaz harago, beharrizan ekonomiko hauek asetzeko konpromisoa hartu dugu, oraingoan senide eta lagunenganako elkartasuna ardo kutxetan banatuko dugu.
Ardo Ekologikoaren Euskal Mahastizainen Elkarteko parte diren lagunei esker, Euskal Herriko kalitatezko ardoaz disfrutatu ahalko dugu. Giza neurriko upategi txikietan ekoiztutako ardoa, gure herri zein eskualdeetan sustraitutakoa, senide zein lagunei haien bidaietan laguntzeko helburuarekin.
Sei botilez osatutako kutxak 60€tan jarriko dira eskuragarri. Ekarpen horri esker bidaien 592 km-ren gastuei aurre egiten laguntzeko beste lortzen da. Abenduaren hasieran eman genion hasiera “Urrun daudenengatik, topa!” izenburupeko ekimen honi eta oraindik ere, kanpaina mantendu egingo dugu.
Etxeraten egoitzetan, baita gure online dendan, zein ohiko herri eta auzoetan duzu ardo kutxak lortzeko aukera. Kontuan izan opari berezia egiteko aukera duzula, ardo kutxa https://serigrafia.eus/shop/etxerat/es/… denda onlinen edo https://depositoakbete.eus web orriaren bitartez enkargatuz gero eta zeuk erabakitako hartzaileari helarazita.
Gabon hauetan... urrun daudenengatik, topa!