ETXERAT. Espainiar eta frantziar estatuek blokeoa mantentzen duten heinean, ziklo politiko berrian Etxerat Elkarteak urrats bat aurrerantz emateko erabakiaren berri eman genuen joan zen astean. Gure estatutuek jasotzen duten moduan, gure senitarteko presoen laguntza juridikoaren eta osasun asistentziaren ardura gure bizkar hartuko dugu. Horretarako, "Senideei babesa indartzeko unea da" kanpaina abian jarri dugu eta euskal gizarteari egiten diogun laguntza eskaera agerian jarri nahi dugu, Etxerat-ek planteatzen duen erronka berri honi aurre egin ahal izateko. Sakabanatzearen eta urruntzearen ondorioz sortzen diren premiak eta gastuak arintzeko ahaleginari eransten zaio Etxerat-en erronka hori.

Datozen hilabeteetan honako hauekin elkartuko gara: eragile politiko, sindikal eta sozialekin, langile eta enpresaburuekin, kirol eta kultura munduko erreferentziazko pertsonekin, elizarekin. Hasi gara jada bilera hoiek egiten. Besteak beste, Bizkaiko Elizbarrutiko ordezkariarekin bildu gara, eta baita ere, CCOO, UGT, Steilas eta LAB sindikatuetako ordezkariekin. Planteatuko dieguna hau izan da: apustu erabakigarri honetan inplikatzea garrantzitsua dela eta bakerantz eta gatazkaren ondorioen behin betiko ebazpenerantz urrats atzeraezin bat ematen laguntzea.

ccoo.jpg