ETXERAT. 1984. urteaz geroztik Kuban deportatua dagoen Joxe Angel Urteaga santurtziarraren anaia eta koinatari Habanatik Madrilera doan hegaldia hartzea debekatu zieten pasa den igandean, irailaren 16an.
Euskal deportatu politikoa den senidearekin Kuban egun igaro ondoren, Euskal Herrira itzultzeko bidaia egiteko ordua iritsi zitzaienean, maletak fakturatu eta esperoan zeudenean hegazkinera igotzea galarazi eta hegaldi hori egiteko debekua zutela esan zitzaien. Aire-konpainiako langile batek AEBko aire-espazioa igarotzeko segurtasun kontuak aipatu zituen debekua justifikatzeko.
Etxerat Elkartetik duela 34 urte Kubara deportatua izan zen euskal herritar baten senideak izatearen delitu bakarra dutela salatu nahi dugu. Urteagaren senideek ez zuten arazorik izan joandako bidaia burutzeko eta, azpimarratu beharra dago, Urteagaren anai eta koinatak ez dutela aurrekari penalik. Ez da lehen aldia Joxe Angel Urteagaren anaiak arazoak izan dituela irlara bidaiatzean, baina lehen aldia izan da hegazkinean igotzeko debekua ezarri zaiola.
Debeku horregatik beste bi txartel erosi behar izan zituzten eta, hortaz gain, Kuban beste bi egun pasa behar izan zituzten. Gastu ekonomiko handia gehitu zitzaien biei eta asteartean lortu zuten beraien etxera itzultzea. Bestetik, nabarmendu nahi dugu Joxe Angel Urteagaren anaiaren osasun egoera oso delikatua dela eta gertakari honek eragindako gastu ekonomiko zein desgaste fisiko eta psikologikoa irmoki salatzekoa dela, hau da, neurtu ezin daitekeen oinazeaz ari gara.
Zoritxarrez, astero espainiar eta frantziar espetxeetara bidaiatzera kondenaturik gauden senideak bezala, euskal deportatu politikoen senide eta lagunek milaka kilometro zeharkatzera behartuak gaude. Maite ditugun senideekin harremana mantentzeko asmoz, gastu ekonomiko ikaragarriaz gain, higadura fisiko eta psikiko nabarmenak eragiten ditu jada gure gorputz nekatuetan. Bereziki higadura hori agerikoa da adin nagusi eta txikienetan. Urte luzez inposatu eta kondenatu zaigun higadura eta sufrimendua.
Oroitarazi nahi dugu defentsarako eskubiderik gabe eta inongo oinarri juridiko zein legalik gabe deportazioa inposatu zitzaiela hainbat euskal herritarrei eta, egungo agertoki politikoarako, bada garaia neurri arbitrario honi amaiera emateko.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!