ETXERAT (2020-XI-29). Sara Fernandezen oroitzapena bihotzean dugula, besarkada bero eta indartsu bat bidali nahi diegu bere senitarteko guztiei.

17 urte igaro dira azaroaren 29 hartatik, Iruñean jaiegun bat zen hura aldatu zuenetik. Harrezkero, oroimenerako, memoriarako, konpromisorako eguna da.

Sararen eta beste 15 senideren bizitza eraman zuen urrunketak aktibo jarraitzen du oraindik ere. Sakabanaketaren mapa aldatu egin da, baina existitzen jarraitzen du. Kilometroak aldatu egin dira, eta gutako askorentzat orain gutxiago dira. Baina hor jarraitzen dute, euskal presoen eta haien familien eta lagunen arteko distantzia ezarriz. Zailtasunak, ezintasunak, arriskuak eta biktima potentzialak inposatuz.

Urrunketak aktibo jarraitzen du, baina, nahiz eta bihar bertan distantziak kendu eta, azkenean, gure senideak hemen, Euskal Herrian izango bagenitu ere, oraindik lana izango dugu egiteke: urrunketak eragin duen sufrimendua onartzea, sakabanaketaren 16 biktimen aitortza lortzeko. Horregatik, ez dugu Sara maitasunez bakarrik gogoratuko, nahiz eta urtero txoko honetan biltzen duguna asko izan. Gogoratzera gatoz herri honen memoriaren parte izan dadin. Bera, Karmele, eta sakabanaketaren biktima guztiak, egia eta justizia eraikitzeko bidea izan daitezen.

Badakigu ez dela bide erraza, baina bidexka deserosoenetan ibiltzen ikasi dugu. Zailtasunak, inpotentzia eta mina ezagutzen ditugu, baina elkartasunaren esanahia, esku etzanaren beroa eta konpromisoaren balio kalkulaezina ere ezagutzen ditugu. Lan egingo dugu, lanean jarraituko dugu eta ondo egingo dugu. Erantzukizunez, duintasunez. Izan ere, sakabanaketaren biktimekin dugun zorra da erantzukizunez eta duintasunez lan eginez haien aitortza lortzea. Errebantxismorik gabe, bideak itxi gabe, min gehiago eragin gabe. Sufrimendu guztiak desager daitezen eta gertatu dena berriro gerta ez dadin.

sara.jpg