ETXERAT (2023-XI-7). Sara Gogoan auzo plataformak eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek benetako urratsak ematera dei egin dute, modu ofizialean aitortuak izan daitezen, bai Sara Fernandez eta bai haren moduan sakabanaketaren eraginez hildako gainontzeko 15 biktimak.
Hogei urte beteko dira aurten. 2003ko azaroaren 29an, Sara Fernandez hilik suertatu zen kotxe istripu baten ondorioz, Madrilgo Valdemoro espetxerantz zihoazela bera eta beste lagun bat.
Urteurrenaren bezperan, Nafarroako Antzerki Eskolan ekitaldi berezia egingo dute, 19:00etan. Azaroren 29an, berriz, betiko lez, Iruñeko Errekoleten plazatik manifestazio bat irtengo da 13:00etan, "Aitortza eta erreparazioa; Sara, gogoan zaitugu" lelopean. Amaieran, memoria ekitaldia egingo da.
Ekitaldi horri babesa adierazi diete hainbat eragilek, besteak beste, Aldezar elkarteak, 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, Iruñea dantza taldeak, Zaldiko Maldiko elkarteak, Ernaik, Torturatuen Sareak, Egiari Zor fundazioak, Etxerat-ek, Sarek…