ETXERAT (2023-XII-12). Aurten ere, SanTomaseko hitzordura itzuli gara, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko zain gaudela gogorarazteko. Bilboko udaletxe aurrean elkarretaratzea burutu dugu, Etxerat eta Sareren eskutik.

Dispertsioa eta presoen eskubideen urraketak salatzeko, urtero, egun seinalatu honetan gauzatutako mobilizazio ugari izan dira, gehiegi, eta behin zigor gehigarri antzu eta gogor horrekin amaitzeko gai izan garenean, SanTomasera itzultzeko motiborik badira oraindik.

Izan ere, gero eta giltza gehiago gara bizikidetzan aurrera egiteko eta konponbidea lortzeko. Gaur ere, San Tomas eguna giltza bihur dezagun, presoen eskubideak behingoz errespetatuko dituen etorkizun hurbilari atea irekitzeko. Hain kondena luzeak bete ondoren, presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legeriari amaiera eman eta lege arrunta behin betiko aplikatzea dagokie, eta horrek etxera itzultzea ekarriko luke. Ezin dugu gehiago itxaron. Horixe da euskal gizartearen gehiengoak eskatu eta nahi duena.

Amaitu aurretik, herri eta auzoetan urte bukaera honetan izango diren ekimenetan, abenduaren 30ean Basauriko espetxetik abiatuko den manifestazioan eta urtarrilaren 13an Bilbon egingo den mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia egin nahi dugu.

Denok gara giltzak! Konponbiderako giltzak!

Etxera!