Sarerekin batera agerraldia egin dugu espainiar Estatuko 30 espetxetik gora vis a vis komunikazioak etenda daudela adierazteko eta behingoz, euskal presoak Euskal Herria ekartzea eskatzeko
ETXERAT (2020-IX-21). Euskal presoek eta haien senideek oso une zailak bizitzen jarraitzen dute; izan ere, joan den udaberriko osasun-larrialdiak eragindako inkomunikazioan izandako beldurrari, ziurgabetasunari eta hutsuneari, orain, hainbat espetxetan komunikazioak etetea gehitu zaie, Covidaren positiboak espetxe barruan daudelako.
Egoera aldatzen ari den arren, gaur egun vis a vis komunikazioak etenda daude. Espainiar Estatuko 44 espetxetan daude banatuta euskal preso politikoak eta hoietatik hogeita hamar espetxetatik gora vis a vis komunikazioak etenda daude.
Beste behin ere, urratutako oinarrizko eskubideei buruz ari gara. Urruntze-politikari eusteak eta euskal presoei salbuespenezko erregimena aplikatzeak etengabeko urraketa eragiten dute eta gainera COVID19-aren pandemiak presoen eta haien senideen egoera hori larriagotu egin du.
Vis a vis familiarrak pertsona batera edo bira mugatzean, bi edo hiru seme-alaba txiki dituzten familietako haur guztiek ezin dituzte ikusi haien guraso presoak. Sei hilabete baino gehiago daramate haur hauek haien aita edo ama, edo biak, bisitatu gabe. Espetxeetako arduradunek adingabearen alde egin beharko lukete eta ez lukete ahaztu behar familia-lotura sendotzearen garrantzia.
Oraindik vis a visak egiten uzten duten espetxe batzuetan ez dira egiten asteburuetan, astegunetan baizik, eta, beraz, asaldura larria eragiten die astez bisita bat egin ahal izateko lanegunak galdu behar dituzten senideei.
Sare eta Etxerat-ek egoera hori salatu eta urruntze politikarekin eta horrelako egoerek dakartzaten eskubideen urraketekin amaitzeko eskatu nahi dute. Joan den astean Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresu eta Senatuan espetxe-politika aldatzeko egindako adierazpenak positibotzat hartzen ditugu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu sindikatuei salbuespen espetxe-politikarekin amaitzeko hartutako konpromisoagatik, joan den ostiralean Bilbon adierazi zuten bezala. Bide batez, azpimarratzekoa da ere larunbatean Baionan Bake Bideanek eginiko ekimen garrantzitsu eta ausarta.
Uste dugu erakunde, politika eta gizarte konpromisoaren bidea egin beharko dela, baita mobilizazioarena ere. Euskal gizarteari bakearen eta bizikidetzaren bidean parte hartzen jarraitzeko eskatzen diogu eta datorren ostiralean Euskal Herri osoan egingo diren Azken Ostiraleko mobilizazioetan, datorren urriaren 3ko #650 ekimenean eta beste ekimen batzuetan parte hartzeko deia egiten diogu.