Granadara zihoan Mirentxineko furgonetak sabotaia jasan du, eta Huelvakoak Guardia Zibilaren kontrol zorrotza jasan du gaur goizaldean.
ETXERAT. Granadan preso diren euskal preso politikoen senideen Mirentxin furgonetak sabotaia jasan du senideak bisitan zirela. Bisitatik ateratzerakoan espetxeko esparru barruan zegoen furgonetako gurpilak zulatuak topatu dituzte. Esparru hau Guardia Zibilarengatik zainduta egoten dela azpimarratu beharra dago.
Furgonetan bidaiatu duten senideek ez dute baztertzen gertatutakoarengatik salaketa jartzea.
Bestalde, Huelvara zihoan furgonetak Guardia Zibilaren kontrol zorrotza pairatu du gaur goizaldean. Ibilgailua, Guardia Zibilaren patruila bat zegoen gasolindegi batean geratu da, eta ondoren, senideek bideari berriz ekin dionean, patruila bera errepidean gurutzatu zaie, gelditzera behartuz. Hainbat minutuz, bertan bidaiatzen zuten 5 senideak eta bi gidariak ibilgailuaren barnean geratu behar izan dute. Ondoren, beste patruila bat iritsi eta katxeo zorrotz bat praktikatu die, bai pertsonei zein bakoitzak zeramatzan gauzei. Ordu eta erdi iraun du kontrolak.
Senideen artean ezinegona eta beldurra sortzea beste helbururik ez duten gertaera hauek salatu nahi ditu Etxeratek, azken asteetan areagotzen ari direnak. Bidai inposatuak zailtzeaz gain, errepideko arriskuak areagotzen ditu honek, urduritasun eta tentsio baldintzetan egitera behartzen dutelako.