ETXERAT. Gaur Bartzelonan babes politiko eta anitzarekin gatazkaren konponbidea era integralean jorratzen duen, eta euskal presoak hurbiltzeko konpromisoa onartu duen bakearen aldeko adierazpena ongi baloratzen dugu. Foro Sozial Iraunkorrak duela 15 hilabete hasitako lanaren emaitza da gaurkoa. Foro Sozial Iraunkorreko partaide garen heinean, Etxerat Elkarteak oso positiboki baloratzen du gaurko adierazpena.
BARTZELONAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
LEHENA. Euskal Herriko bizikidetzarako giza eskubideen babesa ardatz nagusitzat eta erreferentzia bakartzat hartzea, eta baita ez errepikatzeko bakearen kultura sustatzea ere.
BIGARRENA. ETAren biktimen egiaren, justiziaren eta konponketaren hatsarreak defendatzea, eta baita 50 urteko gatazkan izan diren gainontzeko indarkeria adierazpenenak ere.
HIRUGARRENA. Presoak jaioterrira edo familien bizitokira gerturatzea, gaixo dauden espetxeratuen tratu humanitarioa eta beste estatuetan betetako kondenen pilatzea ahalbidetzen duen espetxe politikaren aplikazioa sustatzea; legedi europarrak eta giza eskubideen estandarrek aurreikusten duten bezala.
LAUGARRENA. Espetxeratuei aholkatzea egindako mina aitortzea, gatazkaren biktima desberdinen adiskidetzea eta elkar ezagutzea asetzeko.
Etxerat Elkarteak txalotzen du baita ere atzo Nafarroako Parlamentuan gehiengo handi batekin, euskal presoen urruntze politika amaitzea eskatzen duen mozioa. PSNk bat egin du orain arte aldarrikapen hori babestu duten lau alderdiekin: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin:
- Presoek zigorra betetzean deserrotzea ekiditeko Espetxe Lege Orokorrak jasotzen duena kasu eginez, birgizarteratze oinarriarekin bateginik, espetxe politikak gaur egun mantentzen duen urrunketarekin bere desadostasuna adierazten du eta zentzu honetan, ETA desagertu izanak irekitako aro berrian beharrezkoa da beste espetxe politika bat, zigorrak errotze sozial eta familiarreko lekuetatik urrun betetzea galaraziko duena, senitartekoekin harremana erraztuz eta seme-alaba adingabeen ongizatea eta gurasoekin egoteko duten eskubidea aintzat hartuta».
- Nafarroako Parlamentuak elkarbizitza politiketan aurrera egitea ezinbestekoa dela adierazten du eta, horretarako, indibidualizazioa, gizatasuna eta eragindako minaren aitortza oinarriak aplikatzea guztiz egokia dela adierazten du.
Duela bi aste, Eusko Legebiltzarrak euskal presoen urruntzearekin desadostasuna agertu eta espetxe politika berria eskatzeko mozio bat babestu zuen, eta hau ere modu positiboan baloratzen dugu:
- Eusko Legebiltzarrak pertsona presoen urruntzeari bide ematen duen espetxe politika eta salbuespen neurria den isolamenduarekin bere desadostasuna adierazten du.
- Eusko Legebiltzarrak ezinbestekotzat jotzen du espetxe politika berri bat, zeinak modua jarriko lukeen zigorrak errotze lekuetatik urrun ez betetzeko». Urruntzea ez ezik, presoen bakartze politika ere gaitzetsi du legebiltzarrak. Xabier Rey euskal presoaren heriotzaren harira aurkeztu zuen EH Bilduk legez besteko proposamena, eta Giza Eskubideen Batzordean eztabaidatu eta onartu dute.
Puntu hauetaz gain, zuzenketa bat ere onartu du Eusko Legebiltzarrak eta hauxe dio; Eusko Legebiltzarrak elkarbizitza politiketan aurrera egitea ezinbestekoa dela adierazten du eta, horretarako, indibidualizazioa, gizatasuna eta eragindako minaren aitortza oinarriak aplikatzea guztiz egokia dela adierazten du.