Etxeraten ohizko azken ostiraleko elkarretaratzeak ospatuko dira datorren 29an eta Sarek bultzatutako “Izan bidea” ekimenarekin bat egiten dugu
ETXERAT (2020-V-26). Azken asteetan hainbatetan errepikatu dugun moduan, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu du, hainbat kasutan, muturreko egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera. Badira horren hainbat adibide; batetik, Beatriz Etxeberria eta bere alaba Iratik bizi duten egoera, zeina, duela aste bete salatu genuen moduan, amagandik banandua egon behar izan da konfinamendu osoan zehar bi urte izan arren eta amarekin espetxean egoteko eskubidea izan arren. Aita ere, espetxean izanda, bi gurasoak ikusi gabe daramatza Iratik bi hilabete baino gehiago. Bart Etxeratek argitara eman zuen Julen Atxurra Egurrola euskal presoak jasandako buruko isuriaren kasu larria ere errealitate gordin eta jasanezin honen adierazgarria da. Eta zer esanik ez, Patxi Ruizen egoerari dagokionean, oraindik ere gose greban jarraitzen duena.
Esan bezala, kasu hauek muturreko eta sortutako ezinegonaren adibide dira. Baina egoeraren gogortze eta larritzeak gainontzeko preso eta senideengan ere eragin latza ekarri du. Gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean kartzelan dauden presoen %80a etxetik 1.000 kilometrotik 400 kilometrora daude eta Estatu espainiarreko 200 presoetatik 158 1. graduan daude. Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den.
Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz beraz, ezinbestean eta berehala;
- - euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira
- - larriki gaixo diren presoak, hala nola, 65 urtetik gorakoak, askatu behar dira
- - preso eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituzte
- - gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egin behar dute
Argi dugu osasun krisi fase honetan posible dela aipatutako urrats hauek ematea, honek sortutako muturreko egoerak ekidinez. Hala eskatzen dugu guk, baina baita Europak, NBEak, mundu mailako hainbat pertsona esanguratsuk eta euskal jendarteak ere.
Hori hala, eta egoerak sortutako urgentzia eta larritasuna dela eta, datorren asteburuan, eta bereziki datorren ostiralean, maiatzak 29, hileko azken ostirala, herritar oro mobilizatzera deitzen dugu, herriz herri antolatuko diren ekimen ezberdinen bitartez. Sarek martxan jarritako ‘Izan Bidea’ izeneko dinamikarekin bat eginez, etxerako bidea, eta elkarbizitzarako bidea elkarrekin egitera dei egin nahi dizuegu. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako azken ostiralak horretarako baliatuko ditugu. Eta gainera, Etxeraten ohizko elkarretaratzeak, azken ostiralari dagozkionak, gauzatuko dira berriro ere herri guztietan.
Sare Herritarra
Etxerat Elkartea