ETXERAT (2021-II-26). SOS Presoak Covid19 dinamikaren baitan, Salhaketa Nafarroa eta Sare Nafarroarekin batera, gaur eguerdian elkarretaratzea burutu dugu Iruñean, Gobernu Delegaritza aurrean.
Beste behin ere, #SOSPresoakCOVID19 dinamikan, hau da, Nafarroako Salhaketak, Etxeratek eta Sare Herritarrak osatzen dugun dinamikan, beharrezkoa iruditu zaigu kalera ateratzea, berriz esatera Espetxeetako Idazkaritza Nagusia presoen eskubideak sistematikoki urratzen ari dela, kartzeletan COVID19a kudeatzeko hartzen dituen neurriekin.
Hemendik hamabost egunera, martxoaren 12an, urtebete eginen du Idazkaritzak hartutako erabakiak, bere menpeko kartzela guztietan presoak bakartzea ekarri zuenak: bertan behera gelditu ziren komunikazio guztiak (kristal tartekoak eta bisean bisekoak), baimendutako irteerak eta kartzela barruko jarduera guztiak. Maiatzaren erdialderako egoera arintzen hasi bazen ere, ukaezina da presoak bakartzeko neurria etengabe ezarri izan dela denbora honetan.
Iruñeko kartzelan, kristal tarteko komunikazioak maiatza aldean hasi ziren atzera ere. Halere, behin eta berriz salatu dugunez, ez dira egiten ari Covid19a baino lehenago zuten maiztasunarekin, eta horrek harremana galtzea dakar. Bisean biseko komunikazioak, ordea, ez ziren uztailera arte berriz hasi. Orduz geroztik, ohikoa izan da komunikazioak mugatzea. Abuztuan bertan behera gelditu ziren bisean biseko komunikazioak eta ez dira berriz hasi. Horrek esan nahi du preso askok 6 hilabete baino gehiago daramatzatela familiakoekin eta gertukoekin harreman fisikorik izateko aukerarik gabe. Horrez gain, lau haizetara zabaldu zituzten bideo-deiak, harreman falta ordezkatu behar zutenak, ez dira berdin iritsi kartzela guztietara, eta gaur egun ez dira modu finko bat kanpokoekin harremana mantentzeko.
Espetxeetako Idazkaritzaren menpeko gainerako kartzeletako egoera Iruñeko kartzelakoaren oso antzekoa da, eta, beraz, halakoxea ere zigorra etxetik eta beren ingurune sozialetik urrun betetzen ari diren 184 preso nafarrak edo Nafarroan errotutakoak dauden espetxeetan. Oraingoan ere bereziki nabarmendu behar dugu kartzela-zigorra erroturik dauden tokietatik kanpo betetzen ari diren presoen eskubideen urraketa (Espainiako Estatu osoan 8.000 inguru dira eta 184 Nafarroan), baita haien senide eta gertukoena ere; izan ere, joan-etorriei jarritako mugak eta probintzien itxiera perimetrala direla eta, hilabeteak eman zituzten bisitatu eta elkar ikusi ezinik. Komunikazioak maiatzaren erdialdean hasi baziren ere espetxe guztietan, Administrazioak ez zuen publiko egin abendura arte (7 hilabete geroago) presoak ikustera joateko bidaiak baimenduta zeudela.
Beste koxka bat estutzeko, otsailaren 2an Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak prentsa-ohar bat kaleratu zuen izenburu honekin: “Espetxeetako idazkaritzak gomendatzen du kartzelak blindatzea covid-19aren kontra”. Egun gutxi batzuk geroago, Barne Ministerioaren menpeko ia kartzela guztietan bertan behera gelditu ziren komunikazioak (kristal tartekoak eta bisean bisekoak). Horregatik, otsailaren 16an Espainiako Estatuko 20 erakundek agiri bat plazaratu genuen, “kartzela blindatuak, pertsona bakartuak” izenekoa, egoera hau salatzeko. Gaurko elkarretaratze honetara ekarri dugu, eta, honenbestez, salatzen dugu.
-Ezin dela justifikatu, besterik gabe, KARTZELAK BLINDATU behar direla esanez, BUNKERRAK balira bezala, hain neurri krudel eta inhumanoa. Komunikatzeko eskubidea bermaturik dago Europar Batasunean eta garrantzia handikoa da askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzeko. Komunikazioei esker presoak ez dira mugatuta gelditzen kartzelaren mundura, eta aukera ematen zaie kanpokoarekin harremana mantentzeko.
-Kudeaketa honen hasieratik elkarte ugarik eta nazioarteko zenbait erakundek eskatu diogula behin baino gehiagotan Espetxeetako Idazkaritzari, espetxeetan Covid19ari aurre egiteko, presoak kartzelatik ateratzeko neurriak har ditzala, horixe delako biderik egokiena eta presoen eskubideak errespetatzen dituena. Helburu hori duten neurriak ez ezartzeak ekarri du presoentzako guztiz murriztaileak eta kaltegarriak diren neurriak hartzea, orain salatzen ari garenak alegia.
Hau da gure galdera:
Kutsatzeko benetako arriskurik al dago kristal tarteko egiten diren komunikazioetan, kontuan hartuta ez dagoela inolako kontaktu zuzenik bisitarien eta presoen artean? Kutsatzeko benetako arriskurik al dago bisean biseko komunikazioetan, bisitarien eta presoen arteko zuzeneko kontakturako aukera ematen denetan, kalean ezarri diren prebentzio neurri berberak betetzen badira?
Komunikazioak bertan behera uztea, baita mintza-lekuetan ere, oso neurri murriztailea da, eta presoen eskubideen kontrako eraso zuzena eta bortitza, pertsona hauen osasun mentalari eragiten diona eta gizarteratzea oztopatzen duena, Konstituzioaren beraren 25.2 artikuluan agintzen denaren kontra.
Presoei egitekoak diren bisiten berreskurapena orain!