Dispertsio politikaren menpe dauden adin txikikoen egoerak eragindako oinazea eta ondorioak aurkeztu ditu Etxeratek Bizkaiko Batzar Nagusien eskaera eta herritarren hartu-emaneko batzordean.

 

Bizkaikobatzarrak


ETXERAT. Euskal preso politikoen senide diren 185 adingabekok pairatzen dituzte dispertsio politikaren ondorioak Bizkaian. Errealitate horrekin, haien senideak ikusteko ehundaka kilometro bidaiatzera derrigortuak dira, haien garapen pertsonal, sozial eta afektiboan sortzen dituen ondorioak sufrituz, baita osasun zein ikasketa errendimenduan. Horren inguruan hitz egiteko azaldu da Etxerat gaur goizean eskaera eta herritarren hartu-emaneko batzordean.

Alderdi Popularrak soilik eskatu ditu baldintzak haurren eskubideak urratu eta adin txikikoak oinazera zein dispertsioaren ondorioak jasatera kondenatzen dituen egoera bati amaiera jartzeko. Haatik, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSEk dispertsioa arbuiatu dute, eta adin txikikoen gaia lantzeko borondatea erakutsi – nahiz eta erakunde horren mugak aitortu dituzten -. PPk, ordea, haurren senideek barkamena eskatu, damutu eta justiziarekin kolaboratu behar dutela adierazi du.

EH Bilduk dispertsioaren zigor izaera nabarmendu du, eta egungo kartzela politikak ez duela birgizarteratze funtzioa betetzen adierazi du. Podemosek, bere aldetik, delitu indibidual batek zigor kolektiboa jasotzea onartezina eta demokraziaren aurkakoa dela aitortu du.

Agerraldian, Etxerateko bozeramalea eta bi senide izan dira, euren lekukotza pertsonala azaltzen: 20 urte dituen Olatz Iglesias, zeinak hilabete gutxi zituenetik pairatzen du dispertsioa, eta Maider Viso, orain 13 urte dituen eta dispertsioa jaio zenetik pairatzen duen neskato baten ama.

Minutu gutxi batzuetarako egin beharreko bidai luzeak egitearen krudeltasuna azaldu du Iglesiasek bere hitz hartzean (bere kasuan Paris, Madril, Alacant), eta nola urruntzeak eta bidaiek bere bizitza pertsonaleko alor guztietan eragina izan duten. Baina bereziki, haurtzaroan horren beharrezkoak diren lotura afektiboak zenbateraino zailtzen diren kartzelatutako pertsonarekin, bere kasuan, bere gurasoak. Bere ahizpa txikia orain egoera bera pairatzen ari dela nabarmendu du.

Maider Visok, bestalde, haur txikiekin bidaiatzea nolakoa den azaldu du (bere kasuan, Kordoba eta Castelló), haurrak muturreko hotz edo beroa jasaten ikustearen estutasuna, zorabio edo gaixoaldiak. Horiek guztiak areagotu egiten dira etxetik ehundaka kilometrotara egoterakoan. Umeentzat Ikastolara huts egiteak zer suposatzen duen nabarmendu du ere, maiz gertatzen dena, vis a vis-ak lanegunetan ezartzen baititu espetxeak.

Amaitzeko, Etxerateko bozeramaleak dispertsio eta urruntzearen datu orokorrak azaldu ditu, eta bereziki, helduek bezala ondorio horiek pairatzen dituzten haurren egoera. Gainontzeko euskal preso politikoen senideek bezala, haur hauek erakundeen aldetik jasotzen duten utzikeria salatu du.