ETXERAT (2020-VI-18). Urrunduak eta dispertsatuak dauden euskal preso politikoak Euskal Herriratzea eta, era berean, adin nagusikoak zein gaixotasun larriak dituztenen berehalako kaleratzea eskatu dute EAJ, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoek estatu espainiarreko eta Euskal Herriko hainbat ganbereetan. Berriki EAEko hiriburu eta Batzar Nagusietan adierazpen bateratuak agertu dituzte 3 alderdi hauek, azkena Gipuzkoako Batzar Nagusietan izanik aste honetan.
Ez dugu ahaztu behar pasa den hilean Espainiako Kongresuan dauden 9 alderdi politikok Covid-19 gaixotasunaren aurrean espetxean duen eta izan dezakeen eraginaz presoen eskubideen aldeko adierazpen bateratua. Bertan, Unidas Podemos, En Comú Podem, Galicia en Común, EH Bildu, Esquerra Republicana, Junts per Catalunya, EAJ, Más País, CUP, Compromís eta BNG alderdi politikoen firmak bildu ziren.
Halaber, maiatzeko Azken Ostiraleko Etxeraten elkarretaratzera batu eta parte hartzeko deia zabaldu zuten sindikatuei gure eskerrik beroenak bidali nahi dizkiegu. Euskal presoen aferan konponbidea eskatzen duten agente eta eragileen bateratzearen isla baita ekinbide hau ere. Hori gutxi balitz, datorren ekainaren 26an, ostirala, Bilboko Plaza Eliptikoan ‘Orain Presoak’ lemapean bilduko dira EAEko sindikatu gehienak.
Bukatzeko, hainbatetan azpimarratu dugu dispertsio politikaren amaiera eta berau sustengatzen duten salbuespen neurriak indargabetzeko ezinbestekoak direla mobilizazioak, eragile zein jendarte anitzaren lana eta, baita ere, instituzio ezberdinen konpromiso eta sustengua. Ohar honetan aipatzen diren adibideak konponbiderako eta elkarbizitzarako aleak dira eta, espero dugu, desadostasunaren erpinak leuntzen joatea adostasunaren bidean urratsak sendotuz. Unea da presoen aferan gizarteak aldarrikatzen dituen behar eta betebeharrak egikaritzeko.