ETXERAT (2021-III-9). Euskal presoek eta haien senideek pairatzen duten ziurgabetasun- eta larritasun-egoera jasanezina dela adierazi nahi du Etxerat Elkarteak. Estatu espainiarraren kasuan, Euskal Herriko edo inguruko kartzeletara 40 joan-etorri baino gehiago geldituta daude, horietako batzuk duela hiru edo lau hilabete iragarri dituztelarik.
Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri ondoren, 31 preso itxaroten daude haien ingurunetik gertuago dagoen espetxera mugitzeko edota, kasu batzuetan, Euskal Herriko espetxeetara eramateko; halaber, 48 preso dira itxarote-zerrenda estugarri horri gehitzen badiogu tarteko espetxe batera eraman zituztenak, eta orain hortik mugitzeko zain daudenak.
Beraz, 48 familiaz ari gara; hogei gurasori eragiten die egoera honek, haien hurbilketa iragarri da baina ez dira espetxe berrira iritsi eta hilabeteak daramatzate seme-alabak ikusi gabe; dozenaka gurasori eragiten die, beren seme-alabak hurbilago egoteagatik bisitatzeko itxaropena berreskuratu baitute.
Emakumeak eta amak dira, Maite Pedrosaren kasuan bezala, Alcalako espetxean oraindik ere “blokeatuta” jarraitzen du, Zueran egon beharrean, hori baita bere helmuga, bere bikotea den Mikel Azurmendi bai iritsi da ordea. Biek alaba adingabe bat dute, gurasoak bisitatzeko zailtasun handiak dituena. Abendutik Eider Pérez Alcalan dago, Zuerara noiz eramango duten jakin gabe, bere bikotea Jon Igor Solana han dagoelarik. Algecirasko espetxean zeuden biak eta adingabeko baten aita eta ama dira baita ere.
Pandemiaren aurrean, joan den urteko komunikazio-etenduren ondorietaz oraindik errekuperatu ez ginenean, eta presoak oraindik Euskal Herrira hurbildu gabe eta gaixo larriak eta adinez nagusien egoerari konponbiderik eman gabe, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak duela hilabete eta erdi erabat itxiarazi zituen espetxeak, eta egoera horretan aste luzez egon ginen; bisitarik gabe, baita kristalaren bitartez egiten diren bisitarik gabe ere.
Preso guztiei eragiten dien egoera horren aurrean, Etxerat Elkarteak presoei ezartzen zaizkien osasun-neurriak eraginkorragoak izan behar direla uste du, besteak beste, premiazko txertaketa-plan bat, baina, pandemiaz haratago, lekualdatzeak bertan behera uzteko argudio nagusia izan delarik, lekualdatze-plana lehenbailehen bukatzea eskatzen dugu; gure ustez EHko espetxeetara hurbiltzea izan beharko luketeelarik.
Iragartzea baino garrantzitsuagoa da, noski, lekualdaketak eta hurbilketak errealitate bihurtzea, horrela senideek eta presoek pairatzen duten ziurgabetasun eta frustrazioarekin amaitzeko. Eta uste dugu, gainera, urruntzearekin eta sakabanatzearekin amaitzeko erabakia hartu ondoren, ez duela zentzurik gaur egun bost lekualdatze iragartzeko dinamikari eusteak; izan ere, dinamika horrek hainbat senideren egonezina eta urduritasuna areagotzen ditu.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Etxeratek uste du oraindik egiteke dauden hurbilketak gauzatzeko unea izateaz gain, astero egiten den lekualdatze-erritmoa handitzeko unea dela, lehenbailehen espetxe-mapa berria errealitate bihurtzeko. Lehenbailehen, preso guztiek egon behar dute Euskal Herrian.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!