ETXERAT (2019-V-12). Oier Urrutia Gonzalez preso politiko gasteiztarraren lagun batek kotxe istripua pairatu du gaur goizean, Logroñoko espetxera bisita egitera zijoala. Ezbeharra goizeko 10:30ak aldera gertatu da, Logroñon bertan, autobideko ordainlekua pasatu ondoren, beste kotxe batek atzetik jo egin duenean presoaren lagunaren kotxea.

Talkak kotxeko txapan izan du eragina eta bidez batez, atzeko gurpil bat lehertu egin da baina, zorionez, onik atera da Oier Urrutiaren laguna. Istripuaren ondorioz, bisita galdu egin du.

Etxerat elkarteak istripu berri hau salatu nahi du. Dispertsioak eragindako urteko bostgarren kotxe istripua izan da Oier Urrutiaren lagunak pairatu duena eta gogoraratu nahi dugu istripu hauen erantzukizuna dispertsio politikaren kudeatzaile eta bermatzaileena dela. Ez dago arrazoi bakar bat ere espainiar Estatuko espetxeetan dauden euskal preso guztiak Zaballara ez hurbiltzeko, eta gaixo dauden eta adin nagusikoak diren presoak ez askatzeko.

Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakunde ezberdinei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die, dispertsioarekin behingoz amaitu arte.

Ezbeharra salatzeko elkarretaratzeak deitzen ditugu Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan:

- IRUÑEA, hilak 13, astelehena 20:00etan Gobernu Zibilaren aurrean.
- BILBO, hilak 14, asteartea 19:30etan Arriaga Plazan.
- DONOSTIA, hilak 15, asteazkena 19:00tan Bulebarrean, Udaletxe ondoan.
- GASTEIZ, hilak 15, asteazkena 20:00etan Ama Zuria Enparantzan