- Etxeratek sei bilera ospatu ditu Bruselan emandako lehen goiz honetan
- Arratsaldeko agenda beterik bada ere, Etxerat ez du jakitera emango presioak ekiditeko
BRUSELA. Etxeratek Bruselara bidalitako ordezkaritzak -11 senidek osatzen dutena- oso balorazio positiboa egin du. Sei izan dira elkarteak guztira ospatu dituen bilerak. Etxeratek Flandeseko Legebiltzarrak eginiko harrera ofiziala eta Europako Legebiltzarreko Lehendakari ordeetako batekin –eta Syriza alderdiko kide- den Dimitrios Papadimoulis eginiko harrerak azpimarratu nahi izan ditu bereziki.
Etxerateko ordezkaritza banatu behar izan da agendan aurreikusita zeuden zita guztietara iristeko. Horrela, Flandriako Legebiltzarreko harrera ofizialarekin hasi da eguna. Ostean, Flemish Peace Institute –ean bilera izan dute ere euskal preso politikoen senide eta lagunek. Bitartean, Europako Legebiltzarrean interpelazio lanean ari zen taldeak Malin Bjork, Lidia Senra, Bart Staes eta Marck Demesmaeker europarlamentariekin bilerak ospatu ditu. Malin Ventespartiet alderdiko kidea da eta GUE/NGL taldeko presidente ordea, Lidia Senra ANOVA-ko kidea, Bart Staes flandestarra De Groen alderdiko kidea da, Greens / EFA taldekoa eta Mark Demesmaeker N-VA taldekoa. Ordezkaritzak bilerekin jarraituko du gaur arratsaldean herrialde ezberdinetako europarlamentariekin.
Dispertsioaren biktimak
Bileretan, Etxeratek dispertsioak senide eta lagunengan sorrarazten duen sufrimenduaz aritu da parlamentariekin. Ordezkaritzak, astebururo senideek egiten dituzten milaka eta milaka kilometroen berri eman diete eta giza eskubideen urraketa sistematikoaz jardun dira ere. Dispertsioa sistematikoki martxan jarri zutenetik 26 urte igaroko diren honetan, ordutik, 16 hildako sorrarazi dituela azaldu nahi izan diete Europako legebiltzarkideei.
Urtzi Errazkinek prentsari eginiko adierazpenetan adierazi du "900 direla astebururo astebururo errepideetan nahitaez jarri behar diren euskal herritarrak; familiak, umeak edota adineko perstonak. Denak, eskubideak sistematikoki urratuak dituztela; denak dispertsioaren biktimak".
Etxeratek prentsaurrekoa deitu du biharko, goizeko 11:30etan, Europako Legebiltzarrean. Gaur arratsaldean beste prentsa ohar bat bidaliko du elkarteak.