Now Bilbora!

Abenduaren 16a. Egun urduria da gaurkoa euskal preso politikoen senide eta lagunongan. Urduria Espainiako erreinuak beste tranpa legal bat prestatzen ari delako gure senide eta lagunak espetxean ilegalki preso mantentzeko. Tranpa bat. Giza eskubideen, Europako legeen aurkako beste tranpa bat. Eta tentsioa nagusi den egun honetan, beste tranpa legal bat makinatzen ari diren honetan, Etxeratetik konponbidea aldarrikatzeko eguna izango den urtarrilaren 10eko mobilizaziora dei egin nahi diogu euskal gizarteari.

Gogoratu, gogoratu eta apuntatu urtarrilaren 10a. Denok, euskal jendarteak eta Giza Eskubideen urraketen aurka gauden guztiok, hitzordua baitugu urtarrilaren 10ean Bilbon; arratsaldeko 17.30etan abiatuko den mobilizazioan.
Ardura, konpromisoa, etorkizun hobe baterako zubia eraikitzean Bilboko hitzorduak garrantzi handia izango du. Garrantzia dispertsioarekin amaitzeko beste argi bat jarriko dugulako guztion artean.

Dispertsioak preso dauden gure senideen eskubideak urratzen ditu. Baita gureak ere. Astebururo milaka kilometro egitera behartzen gaituzte, astebururo, uneoro, gure eskubideak urratzen dituzte, sistematikoki. Eta honekin amaitzeko ordua iritsi da. Aski da esateko garaia.
Urtarrilaren 10ean denok Bilbon egongo gara. Euskal gizartean argien oihukatzen duen bakerako pausua aldarrikatzen; dispertsioarekin lehenbailehen amaitu beharra dagoela, isiltasunarekin, aldarrikatzen. Urtarrilaren 10a, 2014an dispertsioak 10 istripu eragin dituen honetan.

Urtarrilaren 10eko asteburuan ere urduri egongo gara. Baina oraingoan gure urduritasunak ez du errepideetan egin beharreko milaka eta milaka kilometroekin zerikusirik izango. Ez ezta miaketa, kontrol edo segurtasun arkuekin zerikusirik izango. Itxaropenak sortzen duen zirrarak hartuko du Bilbo. Itxaropenak gure bihotzak, gure eztarriak, Euskal Herria blaituko duelako.

Itxaropenaren izenean, konponbidearen xenderan; asteburu horretan, gure bisita eskubideari uko egingo diogu. Uko? Bai, uko. Bilbon Berlingo harresia bezalakoa den espetxe politikarekin betirako amaitzeko. Oxigenoa dira guretzako bisitak. Maite ditugun horiekin minutu batzuk igarotzeko dugun aukera bakarra direlako. Guk gehien maite dugun horri uko egiten diogu eta hala, jendarteari duen horri uko egitea eskatzen diogu. Gure oxigenoari uko egingo diogu asteburu batez, Bilbon, guztion artean, haize bolada berriak sortzeko. Oxigeno berria sortu eta bidea argitzeko. Mendeku politikaren aurrean konponbidea aldarrikatzeko. Espetxeetara bidean egon beharrean, kale hauek, Bilboko kaleetan egongo garelako. Zubiak eraikitzen. Espetxe politika honi betirako agur esaten.

Eta 2015eko lehen asteburuetan errepideetan egongo bagara ere, espetxe politika honi eta giza eskubideen urraketei 2015ean amaiera emateko ardura, guztiona da.

Euskal jendarteak itxaropena aldarrikatzen duelako.
Euskal jendarteak Giza Eskubideen urraketekin betirako amaitu nahi duelako.

Euskal jendarteak hitzak eta pausuak exijiten dituelako.

Eskerrik asko.

OHARRA - Sarek iragarri bezala:
- Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldeko senideak Udaletxetik irtengo dira zutabeetan, urtarrilaren 10ean, Udaletxetik
- Araba eta Bizkaiako senideak La Casillatik irtengo dira.