ETXERAT. Etxerat Elkarteak, Bagoaz eta Sarek antolatuta abian da hemendik eta abenduaren 9rarte Frantziako 20 espetxe eta 8 hiri igaroko dituen espetxe bira. Gaixo dauden askatasuna lortu eta euskal presoak Euskal Herrira ahalik eta gehien gerturatzeko ekimenak biderkatu eta ahalik eta bidelagun gehien lortzea du helburu bira honek. Baionatik abiatu da gaur 50 bat ordezkari politiko eta sozialekin autobusa, lehen geltokia Mont de Marsaneko espetxea da, Euskal Herritik gertuen dagoen espetxea izan arren, euskal preso bakarra duen kartzela.
Baionako autobusean abiatu dira Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko auzapezen biltzarreko lehendakaria; Alice Leiciagezahar Berdeetako kontseilari Akitania Berrian; Sylvianne Allaux PS-eko diputatu ohia; Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta Ipar zein Hego Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalen ordezkaritza zabal bat, besteak beste, Etxerat Elkartea, Bagoaz, Sare, Bakebidea, EH Bai, CFDT, LAB eta Sortuko ordezkariak.
Jose Javier Osés da egun Mont de Marsan espetxean dagoen euskal preso bakarra eta bere aita den Francisco Javier Oses, semea bisitatu du gaurkoan. Francisco Javier-ek aldarrikatu du Frantziako espetxeetan dauden euskal preso guztiak bertan egon behar direla.
Mont de Marsaneko espetxean hautetsi gehiago izan dira, adibidez, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentarioa, Vincent Bru Frantziako Asanblea Nazionaleko diputatua, eta Landetako En Marche alderdiko Fabien Lainé diputatua. Bru eta Lainé espetxeko zuzendaritzarekin bilera bat izan dute.
Ondoren, agerraldia burutu da espetxe aurrean. Vincent Bru-k presoen egoera larriei Estatuaren erantzun ezaren eskandaloaz “kontziente gara” esan du, eta bileran harrera egokia aurkitu dutela aipatu ondoren, Mont de Marsan-eko espetxeko zuzendariak bertan 50 gizonezkoentzat lekua dagoela baieztatu duela aipatu du, beraz, “euskal presoentzako leku nahikoa badago”.
Mixel Berhokoirigoinek bestalde, “bide guztia bururaino ezin da aldebakartasunez eraman, Frantziak behar du jokoan sartu” aitortu du eta konponbide orokorraren bidean, salbuespenezko neurriak behin betiko baztertuak izan daitezen espero dutela gaineratu du. Urte amaiera bitarte gauza garrantzitusak lortzeko aukera dagoela gaineratu du.
Lannemezan-eko espetxea izango da hurrengo etapa.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!
Hona hemen espetxe biraren mapa: