ETXERAT (2020-IV-30). Etxerat Elkarteak modu baikorrean baloratzen du gaur Xabier Agirre, Fernando Alonso eta Jagoba Codo euskal preso politikoei hirugarren gradua eman izana Espetxe Zaintzak.
Erabakiaren ondotik baldintzapeko askatasuna emango ote dien ez du zehaztu, ordea, Espainiako Barne Ministeritzak. Legeari kasu eginez gero, baldintzapeko askatasuna ezarri Legea beteraztaeko orduan beharko litzaike eta, are gehiago osasun larrialdi honen agertokian, espetxeak hustutzeko helburuarekin. Pandemia hasi zenetik, larriki gaixorik dauden presoen, 65 urtetik gorakoen eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoen berehalako askatasuna eskatu dugu behin eta berriz.
Edozein kasutan, aurrerapauso gisa ikusten dugu Barne Ministeritzak gaur hartutako erabakia. Hiru preso hauek duela hiru urte abiatutako ibilbide juridikotik baldintzapeko askatasuna lortu bitarteko ibilbide juridiko-penitentziario osoa egitea azpimarratu nahi dugu.
Bigarren graduan ziren EPPKko hiru euskal preso hauek. Xabier Agirrek amaitzear du sei urteko zigorra eta Jagoba Codók 19 urte bete ditu espetxean, biak Logroñoko espetxean aurkitzen dira. Larri gaixo diren presoen zerrendan dago Codó. Fernando Alonsori dagokionez, Villabonako espetxean dago. 23 urte eta erdi egin ditu preso dagoeneko eta irteera-baimen arruntak (lau eta sei egunetakoak) izan ditu pasa den urtearen bukaeratik.
Onartezina da kondenaren 3/4k beteak edo beteko dituzten 73 presoen artean soilik 28 besterik daudela 2. graduan (orain 70 izango dira) eta horietatik zortziri, soilik, ateratzeko baimen arrunta eman izana. Etxerat elkartetik espetxe administrazioari zein Espainiako Gobernuari zuzendu gara aldioro, gure senideek bakarka egiten ari diren ibilbide juridiko-penitentziarioari inongo trabarik eta oztoporik jar ez dezaten, egoera honek presoengaindiko kaltea eragiten baitu, senide eta lagunontzat zigor gehigarri erantsiz.
Osasun eskubideak lehen lerroan eduki beharko lituzkeen alarma egoera larri honetan, gaixotasun larriak dituzten presoak, 65 urtetik gorako presoak zein baldintzapeko askatasuna eskura dezaketen edo baimenak dituzten 2. graduan daudenen berehalako kaleratzea exijitzen dugu berriro ere.