ETXERAT (2022-I-29). Mirentxin gidarien gutuna:
Mirentxinen parte hartu dugun pertsona denok, senideek pairatzen zenuten egoera gogorraren aurrean, elkartasuna era aktibo baten gauzatu behar genuela erabaki genuen.
Urte guzti hauetan, argi izan dugu, guretzat protagonista nagusiak presoen senide eta lagunak izan zaretela, eta bereziki, seme-alaba, senar-emazte zein gurasoak.
Zuen duintasuna eta kemena ezinbestekoak izan dira guretzat gau ilunenei aurre egin ahal izateko edo eta bazkal ondorengo eguzki distirek eragin diguten logalea alde batera uzteko.
Horrez gain, beti izango dugu gogoan bidaia luze hauetan nola zaindu gaituzuen; besteak beste, etxean egindako tortila, bizkotxoa eta kafe goxoa eskainiz. Zuekin izandako solasaldi luze bezain sakonak ere, betirako izango ditugu oroimenean, bidaia luzeek hizketaldi luzeak egiteko tartea eskaintzen baitziguten: kartzela barruko egoeraz, marrazki bizidunez, eskola edo laneko kontuez, kirolaz, parrandaz, musikaz edo baita istorio pertsonalez ere.
Gure artean betirako iraungo duen konplizidade bat sortu da kilometroz kilometro, eta zuentzako lagungarria izan den bitarteko bat sortu eta mantendu ahal izateak, benetan bete gaitu.
Badirudi guretzat azken bidaia heldu dela eta gure desiorik sakon eta indartsuena helarazi nahi dizuegu, gurearen bukaera heldu den bezala, zuentzat ere, azken bidaia laster hel dadin.
Etxean nahi ditugu, zuen alboan.
Mirentxin gidariak