ETXERAT (2022-XI-10). Senide garen aldetik, eztabaida lasaia proposatzen jarraituko dugu memoria inklusibo eta poliedrikorako bidean, guztiok isla gaitezen. Memoriaren egun honetan, Gasteizen egin dugu elkarretaratzea.
Ibon Garateren hitzartzea: Salbuespenezko espetxe politikak eraildako herritar baten senide gisa, Ruben Garate hain justu, gaur Gasteizen, herri honen historia hurbileko memoria kolektiboaren eraikuntzan, salbuespenezko espetxe-politikaren biktimei dagokien zatia falta dela adierazi nahi dut. Izan ere, azken hamarkadetan 35 preso hil dira espetxean, eta 16 senide eta gertuko lagunak hil dira espetxeetara egindako bidaietan.
Ahanztura besterik ez dugu ezagutu. Espero dugu, adibidez, urrats eraginkorrak ematea 12/2016 Legeak jasotzen dituen giza eskubideen urraketen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari dagokionez. Izan ere, sakabanaketaren ondorioz hildako senide eta hurbilekoek jasandako minagatik gehiengo politiko eta sindikalaren aitorpenak aurrerapausoa izan zen. Espero dezagun hemendik aurrera aurrerapen gehiago izatea.