ETXERAT (2023-V-26). Maiatzeko azken ostirala honetan, beste behin ere, Euskal Herriko kaleetara atera gara, oraindik ere estatuek aplikatzen duten espetxe politikak euskal presoen eskubideak urratzen dituela salatu nahian.

Donostiako Artzain Onaren prentsaurreko jendetsuarekin hasi zen hilabetea. Hartan, euskal presoen eskubideak errespetatuko lituzkeen espetxe jarduna eragozten duen salbuespeneko politika behingoz bertan behera uzteko deia egin zuen Sarek, eta hilabetean zehar elkarretaratzeak, mosaikoak, muralak, bizikleta martxak, mendira irteerak, hainbat mobilizazio izan dira han eta hemen, eskaera bera eragin dutenak.

Izan ere, salbuespenezko auzitegia den Auzitegi Nazionalak Euskal Herriko elkarbizitzaren eraikuntza geldiarazten duen lobby-ari kasu egiten jarraitzen duelako, euskal gizartearen gehiengo zabalaren borondateari bizkarra emanez, eta presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxeratzea ahalbidetu beharrean. Ezin dugu onartu egoera hori xantaia gisa erabiltzea.

Baldintzapeko askatasunerako edo erdi-askatasunerako eskubideaz ari gara, tokatzen delako. Espetxe-legeriak ez du inola ere ezartzen kondenak azken segundora arte bete behar dituztenik espetxeko harresien barruan.
 
Araubide irekian sartzeko eskubidea dute, gizartera itzultzeko eskubidea, beren bizitzak berregiten hasteko eskubidea dute.
 
Eskaera hauen alde kalera ateratzeko deia eta konpromisoa mantentze arren dei zabala egiten dugu, etxera itzultzeko prozesua legez ezarritakoaren arabera gauza dadin. Horretarako, hurrengo hitzorduak aipatu nahi ditugu: Amasa-Villabonako Lasterbidean ekainaren 3an burutuko dena eta orain arte bezala herrialde guztietako herri zein auzo ezberdinetan burutzen ari diren ETXERA egun ezberdinena.

Etxerako bidean oztoporik ez!

Etxera!