Euskal preso politiko, erbesteratu eta deportatuen senideok bihotzez eskertu baino ezin ditugu egin herri mugimenduak, hainbat arlotan, hala nola kulturan, kirolean eta gizarte eragileek bultzatuta kalean egindakoak, gurekin eta gure senideekin elkartasunez urte luzeetan sortu dituen ekimen guztiak.

Ekarpen horietako bat da Lasterbidean, duela hamar urte baino gehiago ideia batetik sortutako ekimen sendoa, senideekiko eta presoekiko elkartasuna kirolaren esparruan herri-lasterketa gisa garatu den ekimena, hain justu. Abadiñoko hau hamargarren edizioa izango da. Pandemiaren eraginez urte baten eten egin zen Lasterbidean. Urte hauetan guztietan Hego Euskal Herriko herrialde guztietan antolatu eta garatu egin da Lasterbidean.

Korrika egitea eta naturaz gozatzea gustatzen zaien adin eta kondizio guztietako jendearen potentziala hauteman zuten Lasterbidean-eko sortzaileek eta, zer esanik ez, beste mobilizazio batzuekin batera, dispertsioarekin amaitzeko bere harri-koskorra ematen lagundu duen lasterketa izan da. Andaluziarako autobusarekin, Mirentxineko boluntarioen furgonetekin, Hatortxu eta 40 minutu bezalako musika kontzertuekin lagunduta sentitu garen bezala, senitartekook Lasterbidean taldearekin oso lagunduta sentitu gara.

Oso eskertuta gaude Lasterbidean-ekin eta apur bat goibeltzen gaitu Abadiñoko hau, ezagutu eta disfrutatu dugun formato honen azken edizioa izateak. Lasterbidean amaitzen da, baina pozten gara, aldi berean, asko sufritu dugun aro bat ixten dela esan nahi duelako Lasterbidearen bukaera. Sufrimenduz betetako 30 urte baino gehiago izan dira. Ezin dugu ahaztu denbora honetan 16 senide galdu ditugula errepideetan eta 35 preso kartzeletan.

Lasterbidean-ek erakutsi du zein garrantzitsua den mobilizazioa hainbat formatutan. Mezu argia helarazi nahi dugu, beraz; lanean jarraitu behar dugu, mobilizatzen, presoen alde, azkena aske geratu arte. Etxera!

Ildo horretan, iragarri nahi dugu datorren urtean dinamika berri bat abiatuko dela, sakabanaketaren amaieraren ondorengo garai honetan irekitako testuinguru berrira egokitua, fase berrira egokitua. Presoak behingoz etxera itzultzea eskatzeko, kalean korrika egitearekin lotuko da egitasmo berria.

 

Mila esker denoi! Lasterbidean laster etxera!