ETXERAT. "Animatzen zaz aringeingan etxea?" lemapean antolatuko dugu LASTERBIDEAN nazio elkartasun lasterketaren seigarren edizioa. Aurreko bost edizioak Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Larrabetzun (Bizkaia), Berriozar (Nafarroa), Araian (Araba) eta Oñatin (Gipuzkoa) izan ziren, hurrenez hurren. Oraingoan ere herrialdez aldatu eta Bizkaira egingo du salto edizio berriak. Ondarrun izango da  2018ko ekainaren 10ean.

Kirolaren eremutik eginikoa eta kirolean oinarritutako elkartasun herri ekimena da gurea. Euskal errepresaliatuen eta euren senideen eskubideen errespetua eta horren aldeko lana bultzatzeko beste ekimen bat da hau. Izan ere, ehunka dira beren etxetik urrun bizi diren euskal herritarrak eta ehunka senide eta lagun ehunka kilometro egiten dituzte beraien gertukoekin minutu batzuk egoteko. Gaurko egunetan ezin ahaztu muturreko egoeran dauden larriki gaixorik dauden presoak, bereziki Ibon Iparragirrerena. Berandu baino lehen, Ibon etxera!

Herritar guztien bultzada bilatu behar dugu euskal herritarren oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen eta gure elkartasun urrats honen bidez ere egoera hau gainditzen lagundu nahi dugu. Gaurkoan LASTERBIDEANetik izerdia botaz korri egiten jarraituko dugula ozen esan nahi dugu, gaur goizean lekuko aldaketa hau egiteko egin dugun moduan, korrika egiten edo arraunean. Oñatitik Ondarrura elkartasun lekukoa heldu da.

Gaurko goiz honetan Ondarrun bildu garenok ez dugu bakarrik korri egingo gainera. Aurreko bost edizioetan egin  bezala, egoera hau gainditzea herri oso baten borondatea dela irudikatuko dugu Ondarruko kaleetan. Honela, banantzen gaituen distantzia laburtuko dugu ekainaren 10ean. Errepresaliatuek ere parte hartuko dute beren lagun eta senideei Ondarrura joateko gonbitea eginez edo beren eskulanak sari gisa emanez.

Beraz, Ondarrun dugu zita. Ekainaren 10ean egun osoko egitaraua izanen da: lasterketa laburra eta luzea, zozketak, sari banaketa, ekitaldia, kale animazioa, herri bazkaria...

Honenbestez, Ondarrura gaurkoan kirolaren bidez eta izerdia botaz elkartasuna eman nahi duen euskal herritar orori dei egin nahi diogu. Aurtengoan 1500 lagunek korrika egitea lortu nahi dugu! Lortuko dugu! Elkartasunaren bidez tarteko hemuga gainditu eta 28 urteko ibilbide luze honen amaierako marrara beso zabalik iritsi nahi dugu...

LASTER BIDEAN, LASTER ETXEAN!

onbdarrua.jpg