ETXERAT. Lasterbidean nazio elkartasun lasterketaren VI. edizioa ospatu zen ekainaren 17an Ondarrun modu arrakastatsuan. Beste behin ere, gurekin ez daudenen aldeko ekimenak erantzun zabala eta partehartzailea izan du.
Elkartasuna oinarri hartuta, 760 lagunek hartu zuten parte 7,2 kilometroko lasterketa luzean. Goizeko 11.00etan, turrun hotsarekin bateginik eta "presoak kalera" oihuen artean hasi zen lasterketa Itsasaurren. Lasterketari hasiera eman aurretik, ostera, euskal preso eta iheslari politikoen senideei agurra egin zieten dantzariek. Eta jarraian, herriko presoen senideek moztu zituzten katebegiak lasterketari hasiera emanez.
Larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarra ere gogoan izan zuten hasiera ekitaldian. Iparragirreren amari 1 zenbakidun dortsala eman zioten, Ibon eta gaixo dauden gainontzeko presoen askatasuna exijitzeko keinua eginez
Ondoren, 3,4 kilometroko lasterketa motza korritu zen eta 206 lagunek parte hartu zuten, giro ezinhobean euskal preso eta iheslarien hurbilketaren alde. Lasterketa luzean egin zen modura, presoen senideek eman zioten lasterketari hasiera, katea moztuaz.
Kirol probak amaitu ostean, sari banaketa eta ekitaldi nagusia egin ziren Itsasaurren. Sarituek presoek eskuz egindako oroigarri bereziak jaso zituzten opari. Sari banaketa hunkigarria izan zen, izan ere, aste honetan 16 urteren ondoren askatasuna berreskuratu duen Endika Lejarzegi preso ohiak eman zion saria irabazleari.
Ekitaldi nagusian, bertsolarien sarreraren ondoren eta Asier Badiola preso ondarrutarraren gutuna irakurri ostean, Etxeraten izenean, Maria Antigua Garaldek hartu zuen hitza eta hauxe esan zuen:
"Eguerdion, eta milesker gaur Ondarrura gerturatu zareten guztioi!
Urrunketa eta sakabanaketarekin amaitu ahal izateko kilometroak izan dira zeharkatu ditugunak.
Gaur Ondarrun ikusi dugu elkartasuna eta esperantzaren kolorea gorria dela baita ere. Ondarrun demostratu da hamaika pauso dituela elkartasunak; gaur adibidez korrika eginez elkartasun pausoak ematen ari gara. Horixe bera da Lasterbidean. Korrikaren kirol eremutik jaiotako euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena da Lasterbidean. Jakitun gara preso zein urrun dauden eta euskal herritarren eskubideak behingoz errespetatzeko etxera ekartzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula.
Erritmoa arindu behar dugu gaixo dauden presoak kalera ateratzeko eta etxera ekartzeko. Ibon Iparragirreren kutunek jantzi dute lehenengo zenbakia zeraman dortsala. Gaur Ibonen oroimenaz eta presentziaz margoztu dugu elkartasuna. Arrasaten preso dagoen Iboni, gure besarkadarik eztuena bidaltzen diogu. Ibon eta gaixo dauden presoak kalera eta etxera lehenbaitlehen! Maite ditugulako!
Sakabanaketa eta urrunketaren ondorio latzenak jasan dituzten 16 senide eta lagunak gogoan izan nahi ditugu ere egun berezi honetan. Sakabanaketak erahildako 16 senide eta lagun hoiei gure omenaldirik beroena!
Espetxeetara abiatu dira senideak asteburu honetan, beste behin ere, maite dituzten hoiek bisitatzera. Jakitun gara preso eta urrun dauden euskal herritarren eskubideak errespetatu eta etxeratzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula,
Nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbitea egin nahi dugu hemendik, eta arnasa ondo hartuta lasterka jarrai dezagun pausoak pauso gehiago dakarrelako. Helmugarako gutxiago falta da baina geldialdirik gabeko lasterketa honekin jarraitu beharra daukagu helmuga lortu ahal izateko.
Etxean eta bizirik nahi ditugu! Buelta daitezen!"
Ondarruko gazteek koreografia bat eskaini zuten jarraian eta ondoren, bazkari herritarra gauzatu zen Itsasaurren eta bertan 600 lagun batu ziren. Arratsaldez, haurrentzako jolasen ostean, emakumeen pilota partidak jokatu ziren eta eguna bukatzeko, kontzertua izan zen.