Koronabirusak eragin duen egoera dela eta lasterketako antolakuntzak aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki du
ETXERAT (2020-IV-8). Lasterbidean lasterketako antolakuntzak, COVID-19 gaitzak eragiten ari duen egoeraren jarraipena egiten egon ostean eta bizi dugun ziurgabetasun egoera kontutan izanda, 2020ko edizioa bertan behera uztea erabaki dugu.
Erabakia hilabete hauetan zehar bidelagun izan ditugun Kanpezuko herritarrekin batera hartu dugu eta, aukera desberdinak aztertu ondoren, egokiena lasterketa 2021. urtera atzeratzea dela ikusi dugu. Beraz, Lasterbidean lasterketaren zortzigarren edizioa 2021eko udaberrian ospatuko da Kanpezun.
Aurtengo lasterketara izena emanda dauden 100 lagun baino gehiagori eskerrak eman nahi dizkiegu eta izen ematearen %100a itzuliko zaiela adierazi nahi dugu. Eskerrak eman baita, aurten bidelagun izan ditugun Kanpezuko herritarrei, beraien gertutasun eta lanerako gogoagatik. Eta, noski, laguntzaileak izan behar ziren komunikabide eta enpresei, zein Kanpezuko udala eta Arabako Mendialdeako eskualdeari gure eskerrik beroenak.
Momentu hauetan bereziki, gogora ekarri nahi ditugu urte eta hamarkadetan zehar benetako konfinamendu gogorrean etxetik urrun dauden euskal errepresaliatu eta beraien senide guztiak. Bizi dugun egoerak gure egunerokotasuna aldatu du, baita preso eta beraien senideen bizitzak ere. Sufritzen duten urruntasuna eta inkomunikazioari, konfinamendu honek suposatzen duen isolamendua areagotzea ekarri baitu. Horregatik, erabakia ez da erraza izan, eurek sufritzen duten egoera bereziki gogorra delako eta beraiek ditugulako bihotzetan.
Denon ardura da presoek sufritzen duten isolamendua apurtzea eta elkartasun olatua bikoiztea. Horregatik aste hauetan zehar Etxerat elkarteak eta beste eragile batzuk isolamendua apurtzeko abiatutako ekimen ezberdinekin bat egiten dugu.
Amaitzeko, Lasterbideaneko antolakuntzak argi utzi nahi du euskal errepresaliatuen eta hauen gertukoen eskubideen aldeko konpromisoa tinko mantentzen dela eta elkartasun ekimen hau aurrera ateratzen jarraituko dugula denak etxean egon arte.
Inoiz baino ozenago beraien eskubide guztien aldarria egiten dugu: #EtxeanNahiDitugu!
Laster bidean, laster etxean!!!