ETXERAT (2019-V-19). Korrikaren kirol eremutik jaiotako euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena da Lasterbidean. Kirol eremuan ari den jendeak antolatzen du urtero urtero lasterketa. Gaur Lakuntza-Arbizun ospatu da zazpigarren edizioa, "Leisterka denak itxaa!" lelopean.
Nazio elkartasun lasterketa da hain justu, euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena. Lasterbidean desagertzeko jaio den ekimen bat da, “ez genuke halako ekimen gehiagorik antolatu nahi” esaten dute antolatzaileek. “Horregatik, hau azkena izatea nahiko genuke. Baina azkeneko preso eta iheslaria etxean egon arte halako ekimenak antolatzeko konpromisoari eusten diogu”.
Huxe duzue Arbizun egindako ekitaldian, Etxeraten izenean irakurritako testoa;
Eguerdion, eta milesker gaur Sakanara, Arbizu eta Lakuntzara, gerturatu zareten guztioi!
Lasterbidean-eko VII. edizioa gauzatu dugu gaur eta eskerrak eman nahi dizkizuegu guztiei; partehartzaileei, ikusleei, laguntzaileei, gaur Sakanara etorritako guztiei. Lakuntza eta Arbizuko udalei eskertu nahi diegu egindako lana eta emandako erraztasunak, baita Sakanako beste udaletatik jasotako laguntza. Benignoren bazkari taldekoei eta gaionontzeko eragilei ere eskerrak eta txaloak egin duten eta egiten ari diren lanagatik.
Zorionak korrikalariei! Gure buruari erronka garrantzitsua jarri genion; lasterketa luze eta txikiaren artean 1.500 korrikalari biltzea gaur Sakanan, alegia. Zorionak marka guztiak gainditzen ari garelako urtez urte! Zorionak gaur egindako kilometroak urrunketarekin eta dispertsioarekin amaitu ahal izateko kilometroak direlako! Elkartasun eta maitasunez beteriko kilometroak dira gaur hemen zeharkatu ditugunak!
Azkeneko preso eta iheslaria etxean egon arte halako ekimenak antolatzeko konpromisoari eusten diogu.
Gaurko lasterketan Jon Gurutz Maiza presoaren gertukoek jantzi dute lehenengo zenbakia zeraman dorsala. Lannemezango espetxean dago Jon Gurutz. Preso larrien zerrendan dago bera, ikusmen arazoak, diabetesa, dislipemia, hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra ditu eta ia 70 urte ditu. Bere egoera horrela izanik, etxean beharko luke bai ala bai!
Eta Maizarekin batera, gainontzeko preso etxarriarrak ere gurekin daude gaur, haien oroimenaz eta presentziaz margoztu ditugu dorsalak. Altsasuko presoez aparte, sei preso ditugu kolektiboan, Asier Karrera, Juan Ramon Karasatorre, Luis Mariñelarena eta Unai Parot guztiak Espainiako espetxeetan; eta Oihan Barandalla eta Jon Gurutz Maiza Frantzian. Muxu handi bana! Maite zaituztegu! Lasterbidean! Laster ETXEAN!
Laster helmugara iritsiko ginela pentsatu genuen duela zazpi urte Lasterbidean lehenbiziko edizioa burutu genuenean, baina zoritxarrez arinketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian. Eta lasterketa horren baitan, gaur korrika egin dugun bitartean, ehundaka senide eta gertukoak espainiar eta frantziar errepideak zeharkatzen ari dira.
Sakabanaketa eta urrunketaren ondorio latzenak jasan dituzten 16 senide eta lagunak gogoan izan nahi ditugu egun berezi honetan. Sakabanaketak eraildako 16 senide eta lagun hoiei gure omenaldirik beroena!
Baina alaitu gaitezen gaur. Gaur Arbizun eta Lakuntzan elkartasuna eta esperantzaren kolorea gorria dela frogatu dugu. Hamaika pauso ditu elkartasunak eta korrika aurrera goaz, herri gisa, premiazkoa delako benetako bakearen aldeko bideak irekita aurkitzea.
Euskal gizartearekin oso eskertuta gaude, eskubide urraketen aurrean jendearen erantzuna oso ona izaten delako beti, elkartasunez eta maitasunez gure zama arintzen dutelako. Duela bi urte Lakuntzan musikaren esparrutik Euskal Herrian inoiz egin den elkartasun jaialdirik handiena egin genuen eta orain, kirolaren eremutik, Lasterbidean gauzatzen ari gara.
Nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbitea egin nahi dugu hemendik, eta arnasa ondo hartuta lasterka jarrai dezagun pausoak pauso gehiago dakarrelako.
Helmugarako gutxiago falta da!
Etxean eta bizirik nahi ditugu!