ETXERAT. Larriki gaixo den Gorka Fraile euskal preso politikoak gutuna bidali du bere eskubideen alde borrokan ari diren pertsonei eskerrak emanez. Mugalari.info webguneak jaso duen idatzian zehazten duenez, Frailek bere kartzelako egoera hobera egin duela zehazten du, eta jasotako bermearekin animatuago dagoela aitortu du. Halere, pairatzen duen minbizia erreproduzitu ote zaion burutik kentzea ezinezkoa du. Maiatzean TAC bat egingo diote.
Gorka Frailek (1970, Durango) Mingainaren kartzinoma epidermoideoa du, hala baieztatu zuten 2015eko martxoan egindako frogek. 2015eko ekainaren 9an interbentzio kirurgiko bat egin zioten, lesioaren erresekzioa burutuz. Egoeraren larritasuna kontuan hartuz eta gaitza lehenbailehen kontrolatzeko asmoz, Badajozeko Ospitalean tratamendu kirurjikoa burutzea erabaki zen eta horrela egin zen. Arazoak ospitalean ingresatu bezain laster suertatu ziren, zaintza poliziaren aldetik. Ospitaleratu bezain laister eskuburdinez lotua izan zuten une oro, ebakuntza burutu arte. Gauez behin eta berriz trabatu zitzaion zaintza poliziaren aldetik bere atseden eta loaldia: mehatxuak, ahotsak, oihuak, kolpeak paretean...Polizia ebakuntza-gela bertan sartu zen, ebakuntza burutu arte han egonda.