ETXERAT. Aurreko astean Etxerat Elkarteko delegazio batek Bruselara egindako bidaiaren inguruko balorazio prentsaurrekoa eman dugu gaur Donostian. Gure bozeramaileekin batera, bidai horretan parte hartu zuten larri eri diren presoen bi senide izan ditugu: Gentzane Callejo (Jagoba Codóren izeba) eta Mila Iradi (Ibon Fernandez Iradiren ama). Aurrera begira emango ditugun urratsen berri ere eman dugu gaurko agerraldian:
Iragarri bezala, duela bi urte Europako Legebiltzarrean egindako bisitan Etxerat elkarteak sortutako harremanen jarraipen gisa, berriro ere, Etxerateko delegaritza Bruselara abiatu zen joan zen astean Europako legebiltzarkideekin elkarrizketak gauzatzera.
Oraingoan ere, batetik, espainiar eta frantziar estatuek eskubideen urraketak mantendu nahian baliatzen duten blokeoa gainditzea izan da gure jardueraren helburuetako bat, eta bestetik, urraketa hoien ondorioak Europan azaltzea. Kasu honetan ondorio lazgarrienetako bat, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera hain justu.
Basque Friendship taldekideekin, GUE/NGL aliantzako parlamentuko taldearekin eta Europako Legebiltzarreko beste legebiltzarkide batzuekin bildu zen Etxerat. Flandriako Legebiltzarreko lehendakariarekin ere bilera bat ospatu genuen. Kasu guztietan, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen diagnostikoak, egungo osasun egoera eta espetxeetan ematen diren bizi baldintzak jasotzen dituen txostena entregatu genien.
Lehenbiziko bisita egin genuenetik bi urte pasa direnean eta ETAren adierazpenaren osteko bost urte geroago, mendekua eta ankerkeri parametroetan estatuek mantentzen duten egoeraren gaineko berri izatea eta, bide batez, gaindituta beharko luketen egoerak bere horretan dirautela ezagutzeak, ustekabea eta haserrea sortu dute legebiltzarkideengan.
Gaixo dauden presoen egoeraren gaineko informazioren zabalkuntzaz, espainiar Estatuaren baitan auzi honen inguruan dagoen ezagutza mailari dagokiona eta hau guztia isilarazteko hedabide gehienek mantentzen duten joeraren inguruan galderak etengabe errepikatu ziren gure azalpenak entzun ondoren.
Horren aurrean, bertan jaso dugun ongietorria eta ezagutu dugun elkartasuna azpimarratu behar dugu. Une unkigarriak bizi izan ditugu baita ere.
Presoen errealitate gordinaren aurrean eta gaixo dauden presoen egoerak sortarazten dituen ondorio lazgarriei erreparatu gabe, ezaguna da frantziar eta espainiar gobernuek mantentzen duten inmobilismoa, euskal instituzioen utzikeria eta alderdi politiko zein sektore sozial jakin batzuen konplazentzia. Aldiz, gurekin bildutako Europako Legebiltzarreko taldeen aldetik, interesa lehenbizi, eta ondoren, kezka, elkartasuna eta egoera honekin behingoz bukatzeko parte hartzeko borondatea baino ez ditugu ezagutu.
Inplikatzeko nahi horren ondorioz proposamen eta konpromiso zehatzak gauzatu dira, besteak beste, datozen asteetan Suitza eta Alemaniako alderdi politiko zein giza eskubideen defentsan ari diren elkarteekin elkarrizketatzeko Etxerat elkarteko delegazio batek egingo duen bidaia. Hortik abiatuta, Europako Batasuneko hainbat herrialde bisitatuko ditu Etxerat-ek aurrerantzean ere.
Jakin badakigu Europa mailako alderdi eta eragileen konpromiso eta ekintzekin ez dela nahikoa izango salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzeko. Badakigu ere eskubideen urraketen baitan onartzen diren gomendio eta konklusioei beti uko egiten dietela bi estatuek. Baina ala ere, aurrerapausoa egin dugula argi dugu.
Hainbeste traba eta oztopo gainetik ematen ditugun aurrerapauso bakoitzak gure itxaropena elikatzen du. Norabide egokian lanean ari gara eta horrek gure indarra hauspotzen du.