JAIKI HADI. Medikuntza arloan ibiltzen diren adituez osatutako Jaiki Hadi elkartea Bilbon agertu da larri gaixo diren euskal presoen egoera eta, bereziki, Ibon Iparragirreren egoera eta epaileen arduragabekeria salatzeko asmoz. Honekin batera, larri gaixo diren euskal preso zerrendaren kopuruak gora egin duela informatu dute Mikel Otegiren kasua gehituz.
Urri amaieran Mikel Otegi euskal preso politikoak gradu ertaineko bihotzekoa sufritu zuen jaioterritik 520 kilometrotara aurkitzen den Ocaña II espetxean. Toledoko Virgen de la Salud ospitalean ebakuntza jaso ostean, 48 ordu eskasetara espetxera itzularazi zuten sten bat bihotzean eta tratamendu zorrotza jarrita.
Kasu berri honekin egun 14 euskal preso politikok osatzen dute larri gaixo diren presoen zerrenda publikoa eta beste 8k beraien identitatea gorde nahi dute. 22 euskal preso politiko ditugu espainiar eta frantziar espetxetan sakabanatuak, Ibon Iparragirreren kasua mingarriena izanik.
Berriki Nafarroako gehiengo politiko eta sindikalak larri gaixo diren euskal presoen askatasuna aldarrikatu zuen, EAE eta Ipar Euskal Herriko Elkargoarekin batuz. Euskal Herria osatzen duen arku sindikal eta politiko ia guztiak hauen askatasuna eskatu dute premiazko gaia izanik. Honekin batera, Ibon eta larri gaixo diren euskal preso politikoen askatasuna exijitzen dugu, ezin baitugu gehiago itxaron.