ETXERAT (2024-I-6). Datorren urtarrilaren 13an Sarek Bilbon antolatutako manifestazioarekin bat egiten du Etxerat elkarteak eta euskal preso, exiliatu eta deportatuen senidei, zein euskal gizarteari, bere osotasunean, mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi diegu.
“Konponbiderako giltzak” lelopean antolatu da aurtengo mobilizazio nazionala eta guk berebiziko garrantzia ematen diogu, eta uste dugu urtarrilaren 13an Bilboko kaleak leporaino bete behar direla salbuespenaren aurka, gure senideek kalera irteten segitu daitezen.
Uste dugu mobilizazio soziala funtsezkoa dela, jendartea sentsibilizatzen jarraitzea, denbora jakin batean ez dela presorik izan behar ikusaraziz, jendarte honetan presorik ez egotea bizikidetzari eta Euskal Herrian zabaldu den garai berriari egindako ekarpena izango dela.
Horregatik, berriro diogu, datorren larunbatean milaka lagun espero ditugu Bilboko kaleetan. Gu bertan izango gara, senideak garen aldetik, eta konponbiderako giltza bihurtuko gara, Bilbon bilduko diren milaka pertsona horiekin batera.