GARA. Urtarrilaren 7an Oiartzungo Elorsoro kiroldegian ospatu genuen Bertso Saioaren kronika Gara hedabidearen bitartez:
"Senide ia nomada guztiz ta motxiladun haurrena/ Bada drama bat luzatu dena urte askotan barrena/ beti azkena izatea nahi ta beti azken aurrena/ baina noizbait bat izango da azkena enegarrena/ ea ba hori den beste denaz gain urte honek dakarrena". Horixe Etxeraten saioaren mezua, Sarriegiren hitzetan.
Berezia da Errege egunaren bueltan Etxeratek Oiartzunen antolatzen duen bertso saioa, senide eta lagunei eskaintzen dietelako bertsolariek jarduna. Txapelketa Nagusiaren biharamunean iritsi da aurten jaialdia. Eta Maialen Lujanbio txapelduna, bertze sei finalista eta Alaia Martin oiartzuarra puntuen presiotik kanpo kantuan adituz gozatu genuen.
Amaia Agirre gai-jartzaile eta bertsolariak goxo eta bizi gidatu zituen, bestalde, bertsokideak, laguntzaile onekin. Iaz kartzelatik ateratako Xabier Aranburu Xomorrok lagundu zion Agirreri Sustrai Colina eta Aitor Sarriegiri lehenbiziko gaia jartzen, bi kartulina emanda, 2 eta 5 zenbakidunak. 2 eta 5, 25 urte, Xabierrek itzalean pasatutako denbora. 5 eta 2, 52, kartzelatik atera zenean Xabierrek zuen adina.
Hurrengo ariketan, Igor Elortza eta Aitor Mendiluzeri motxila urdin bana eman zien Ize Andueza Zubimendi motxiladun haurretako batek, asteburu honetan bertan bidaia egin berri: «Kartzela zortzi hizkiz osatutako hizki pisutsua da. Lagunak jolasean ari diren bitartean errepideko marra zuriak kontatzen jostatzen gara. Baina gure motxilak ametsez beteta daude. Heldu da motxilak airera botatzeko unea. Gure etorkizunean gurasoak etxean imajinatzen ditugu. Gure bila etorriko direla eskolara. Aitor eta Igor, zuek ere badituzue seme-alabak, ulertzen gaituzue, lagunduko diguzue ametsak aireratzen?». Durangarrak, adibidez, hala abestu zuen: «Haurrek duten onena erraz jakitea/ ez dizute uzten ahazten amets egitea».
Irribarreak eta algarak
«Pena patrikan hartuta baina goazen pozaren bila», kantatu zuen Martinek, eta Elorsoro kiroldegia bete zuten entzuleek irribarre ugari egin zuten, baita ajari ederrak ere. Horren adibide, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Amets Arzallusen erantzunak, Oiartzungo bertso eskolako hiru mutil koxkorrek, Lur, Aitz eta Unaxek jarritako puntuei emanak.
Hala bota zion Aitzek andoaindarrari: «Ez jarri hain serio, askatu melena», publikoa irriz, eta Aitorren erantzuna, borobila: «Kontua da aspaldi askatu nuela/ behin behar ta eman nion askatasun dena/ ta ihesi joatea horren ondorena». Unaxek, berriz, zera galdetu zion hendaiarrari: «Bizarra kentzeko nun dezu makinilla?», eta Ametsen bertsoarekin gozatzen sumatu genuen publikoa: «Joan dan bost urteotan hor nabil bila/ ta bizarra nahi badu luzatu dadila/ izkutatzeko nere horkotz borobila/ zuk ez jo ezkila/ ta zaude trankila/ hor isil-isila/ a ze marabilla/ zuri ere aterako zaizu mutila».
Beñat Gaztelumendiren habanerak ere jendearen kuttunen artean ziren saioaren ondoko komentarioetan. Hiru bertso kantatu zituen, Agirrek puntu erdian oinak emanda. Añorgarraren abileziak miretsita zuen publikoa. Bere amonaren paperean jarri zuen Villabonakoak, abenduaren 17an, telebistaz txapelketako finala ikusten. Hasi da saioa, eta lehen oina: «Koitadu». «Bere jertse berriakin hor dabil erdi koitadu/ zazpi katu ditu ondoan ta bera erdi sagu/ lehendabiziko agurra bota du nahiko ondradu/ hala ere zailena orain gure aurrean daukagu/ zortziko haundian ondo, ondo denak bera salbu/ bera gurutze gorri ta ondoan zazpi soldadu/ ondoan izango banu hartuko nioke kargu/ bertsotan ondo egiteko gehixeago jan behar du», Beñaten lehena.
Zer da hitza?
Igor Elortzak bakarka osatutako ariketa ere txalotua izan zen. «Hitzak egiten gaitu nor. Zer da zuretzat hitza, Igor?». Horixe hiru bertsotarako gaia. Lehena: «Hitzak nor egin gaitzakeela, badela hortarako gai/ pentsamendua sortzeko ere ematen du mila dohai/ sentimenduak azaldu nahia dagoenari zure zai/ bertsolariak gara ta hitzak gauzka urduri zein lasai/ guretzat hitza gozamena da, sufrimendua ere bai». Bigarrena: «Hitzak balio baitu umorea jarriz lagunarterako/ baina baita ere ukendu lana dagoenarentzat txarto/ eta horretaz gaur eta hemen noski badakigu nahiko/ hain zuzen ere langintza hori ekarri dugu guk gaurko/ hitzean sinesten dugulako ta hitza eman genuelako». Eta azkena, lana borobilduz: «Ta hitz gogorrak ditugu noski presoa eta kartzela/ ez da erraza beraz gaur eska hitza eman dezatela/ bestela joan Junquerasena galdetu diezaiotela/ baina guk hitza nahi dugu noski kataluniarrek bezela/ dakigulako herri hobe bat hitzetik sor litekeela».
Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martini gai irrigarria jarri zioten. Lehengo urtean bertso saio honetara etorri nahi baina sarrerarik gabe gelditu zen Sustrai eta sarrera garaiz hartu, sasoiz etorri eta leku ona hartu du, baina aurrean Beñat bizkar zabaleko gizon garaia jarri zaio. Eta hori gutxi ez eta ondoan Alaia umea, goxokiak janez kraska eta kraska.
«Mobilean aitatxok jarri dit Mafalda/ ahoan ze tiburoi peta zeta salda/ aizu atzeko tipo zerbait nahi dut galda/ hau bukatzeko asko, asko falta al da?», kantatu zuen umeak. Sustraik: «Nere aurreko tipoak du atleta look-a/ bizkarra luzitzen du metro karratuka/ fijo etorriko zala apurka-apurka/ kulturismoa eta kultura nahastuta». Eta gizonkoteak: «Atzekoak askotan egin dit abisu/ bi metro altura ta 120 pisu/ sekula ez nuen hola disfrutatu aizu/ purua pizten badet inporta al dizu?».
Zeren bila?
Sustrai Colinak eta Maialen Lujanbiok Oiartzungo bi udaltzainen paperean kantatutakoak ere aunitz gustatu zitzaizkien senide eta lagunei. Objektu galduen gunea kudeatzen dute. Eta kideak ze entregatzera edo zeren bila datozen asmatu behar zuten.
Lujanbio indartsu ibili zen saio osoan. Bi bala hauek adibide. Lehena, Martini, oiartzuarrak aitzinetik kantatutako bertso bati erreferentzia eginez: «Borondatetsu izaten da bai hona hurreratzen dena/ ba neska fin bat agertu zaigu ezagun du bere pena/ bere burua presentatu du dotorea ta serena/ umildadea aurkitu omen du ta ez omen da berarena».
Bigarrena, Mendiluzeri: «Gabon garaian ai ene zenbat xelebrekeri arraio/ gizon serio bat etorri da ta serio jarri natzaio/ nonbait melena galdu omen zun ta hura ez aurkituta nahio/ besten batena hartuko luke kabituko balitzaio».
«Asteburua pasatu dugu gurpilei kateak sartzen/ ea ba noizbait ikasten dugun kateei gurpilak jartzen», kantatu zuen Arzallusek. Eta Elortzak: «Mila esker, musuak eta besarkada/ azkena izan dadila diogu ta hara/ ez etsitzea garaipen txiki bat da jada/ larunbatean Bilbon ikusiko gara/ ta hurrengo urtean berriz behar baldin bada».