ETXERAT (2022-XI-4). Auzitegi Nazionaleko (AN) Fiskaltzak errekurritu egin ditu Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak, Martuteneko tratamendu-batzordeak eskatuta, Asier Karrera Arenzana eta Ainhoa Barbarin Iurrebads presoei emandako hirugarren graduak.
Asier Karrera etxarriarrak 22 urte daramatza espetxean eta Ainhoa Barbarin donostiarrak 21 urte beteko ditu laster kartzelan.
Gorka Vidal Alvaro Zaratamoko presoaren kasuan, fiskaltzak hirugarren gradua errekurritu zuen, baina Espetxe Zaintzako epaileak hirugarren gradua mantentzearen aldeko autoa eman zuen. Gorka Vidalek 18 urte eta erdi daramatza espetxean, eta 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. AN-ko fiskaltzak berriz ere errekurritu du preso bizkaitarraren hirugarren gradua, eta, beraz, auzia AN-ko lehen atalera pasatu da. Beraz, euskal presoen irteera blokeatzeko aukera guztiak agortzeko ahalegina dela uste dugu, haien tesiekin bat datorren auzitegi bat bilatuz.
Hiru helegite hauek gehitu behar zaizkie fiskaltzak aurretik bederatzi hirugarren graduen aurka eginiko helegitei; kasu guzti hauek Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren zain daude. Bestalde, gogoratu behar da 31 euskal preso daudela une honetan hirugarren graduan. Aste honetan bertan, kasu horietakoren batean hirugarren gradua mantentzearen aldeko auto baten berri izan dugu. Badakigu, zailtasunak zailtasun, gizartearen konpromisoarekin batera eta herri mobilizazioarekin batera, hau dela presoak etxera itzultzeko egin behar dugun bidea.