ETXERAT. Altsasuko gazteen senide eta gertukoei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Gu bezala, espetxeratuak dauden hiru gazteen urrunketak sortzen dituen ondorio latzak pairatzen ari dira eta bat egiten dugu haien sufrimenduarekin, are gehiago, egoera, prozedura eta epaiketa bera salbuespenekoak direlako.
Tamalgarria da oso, aro berriari begira euskal gizarteak egiten duen ahalegina eta lanari uko eginez, gazte hauek eta haien senideek pairatzen duten egoerak auspotzea. Etxerat Elkartean ongi ezagutzen ditugun egoerak dira, guk ere pairatzen ditugulako. Bakea lortzeko bidean ahaleginak etengabe egin behar ditugu eta zailtasunak gaindituz. Horrela Altsasun gertatutakoa eta suposatu dituen ondorioak testuinguru horren baitan kokatzen ditugu.
Giza eskubideak, konponbidea eta bakearekiko dugun konpromisotik abiatuta, eta iraunkorra eta benetako bakea lortzeko bidean, eta hori lortzeko edozein zailtasunaren aurrean aurrera egiteko, euskal gizarteari aurrean topa dezakegun zailtasunei aurre egin beharra dugu. Horregatik, euskal gizarteari dei egiten diogu datorren apirilaren 14an Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko, justizia eta arduragatik.