ETXERAT (2020-XII-5). Sare eta Etxerat elkarteak agerraldia deitu dugu gaur Josetxo Arizkuren larriki gaixo den presoak duela egun batzuk izandako bihotzeko dela eta, egoeraren larritasuna ikusirik, bere berehalako askatasuna eskatu eta, hemen, Iruñean egingo dugun mobilizazioaren berri emateko.
Gaurko agerraldian Jaione Karrera izan da ere, Josetxo Arizkurenen abokatua, ostegunean Josetxo Murtziako espetxean bisitatu ostean, bere egoeraren berri emateko.
Sare eta Etxeratek gogor salatu nahi dugu Josetxori gertatutakoa; batetik, aspaldi behar lukeelako Josetxok etxean, bere gaitz larria dela eta dagokion artatzea eta konfiantzazko medikuen jarraipena izan zezan. Bestetik, bizi izan duen episodioaren baitan, jasotako informazioa urria izan delako eta berandu iritsi delako, horrelako kasuetan, antsietate eta urduritasun jasanezina eraginez. Arizkuren Murtzia II espetxean dago, Iruñetik 750 km-ra. Berriro ere, presoak urruntzea zigor gehigarri bat da, are gehiago osasunarekin zerikusia duten larrialdietan.
Jakitun gara, Josetxo Logroñora lekua aldatu eta lehen gradutik bigarrenera igaro dutelaren erabakia hartua zela, baina argi geratu da, beste behin ere, erabakia berandu iritsi dela. Josetxoren gaitzak gogor egin du okerrera, lau stent ditu orain jarrita eta gaixotasun larria duen presoa izaki, legea jarraituz, kalean behar luke. Lekua aldatzea beraz ez da aski, ezta bigarren gradura aldaketa ere. Berriro diogu, berandu baino lehen Josetxok etxean egon behar du.
Hori hala, datorren astelehenean, abenduaren 7an, Iruñean, 20.00etan Merindadesen mobilizazioa egingo dugu. Dei egiten dizuegu guztioi bertan parte hartzera. Josetxo eta larriki gaixo diren gainontzeko presoak etxera!