ETXERAT (2020-IV-2). Jesús Ricardo Urteaga Repullés Txetxu, Azkoitiko deportatu politikoa, Caracasen zendu da gaur gaixotasun larri baten ondorioz, bere familiak Etxerat elkarteari jakinarazi dionez. Jesús Ricardok 62 urte zituen. 1984 urteko martxoan Estatu frantsesean atxilotu zuten eta urte berean Venezuelara deportatu zuten, orain arte bertan bizi izan da.
Etxerat Elkarteak dolumina adierazi nahi du gertaera honengatik eta gure elkartasun osoa bidali Jesús Ricardoren familiari, euskal deportatu politiko guztien senide eta lagunei ere zabaltzen dieguna.
Euskal deportatu politikoen senide eta lagunok milaka kilometro egitera behartuta gaude oraindik ere, maite ditugun pertsonekin harreman afektiboa mantentzeko; honek gastu ekonomiko izugarria suposatzen digu, hiru hamarkadetan zehar bidaia luzeak egin behar izan baititugu, neke fisiko eta psikologiko izugarria eragin dituzten bidaia luzeak.
Estatu españolak eta frantsesak deportatuak dauden lurraldetako gobernuekin egindako hitzarmenen eraginez, deportazioa 80.hamarkadaten bukaeran ezarri zen, defentsarako inongo aukerarik gabe eta inongo oinarri juridiko eta legalik gabe. Deportazioak gainera kondena gehigarria suposatzen du, beste lurralde batean igarotako denbora ez baita zenbatzen.
Urte hauetan 70 pertsona izan dira deportatuak eta haietatik 12 hil dira Euskal Herritik urrun. Jesús Ricardoren heriotzaren ondoren, Venezuelan Eugenio Barrutiabengoa Zabarte dago deportatua; Josu Abrisketa Korta, José Angel Urteaga Martínez eta Iñaki Rodrígez Muñoa Cuban; eta Tomás Linaza Etxebarria, José Antonio Olaizola Atxukarro, Emilio Martínez de Marigirta eta Félix Manzanos Martínez Cabo Verden.
Egoera latz eta anakroniko hau behin betiko desblokeatzeko garaia da. Etxerat Elkarteak beste behin ere nabarmendu nahi du 36 urteren ondoren egoera arbitrario honekin amaitu beharra dagoela eta Españako agintariek eman beharreko pausuak behingoz eman ditzatela euskal deportatu politikoak Euskal Herrira itzultzeko.