ETXERAT. Javier Perez de Nanclares iheslari gasteiztarra zendu da Mexikon gaur arratsaldez bihotzekoak jota. Etxerat Elkartetik gure dolumina eta besarkadarik estuena helarazi nahi diegu Javierren senide eta lagunei.
Etxerat Elkartetik salbuespeneko espetxe politika salatzen ari gara hamarkada luzez eta, horrekin batera, baita ere iheslarien egoera gordina; hamarnaka lagun ihesean daude Euskal Herritik milaka kilometrotara, Javier Perez de Nanclares bezala, munduko puntu ezberdinetan, egoera zailetan. Hainbat alditan aldarrikatu dugu benetako bakea eta gatazkaren konponbidea behingoz irabazteko ezinbestekoa dela iheslariak ere Euskal Herrira bueltatzea.
Eta berriro diogu, ezin dugu gehiago itxaron. Jakitun gara Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialek baldintzak sortzen ari direla, behingoz preso eta iheslarien aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian. Garaia da, euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean.