ETXERAT (2019-I-7). Jaiki Hadi elkarteak urteko balorazioa egin du gaur Hernanin.
Jaiki Hadi elkarteak urteko balorazioa egiterakoan zifra gordinenekin egiten dugu topo berriz ere, sufrimendu luze baten maparekin, alegia. Elkartea sortu zen urte berean, 2008an, 9 preso politiko zeuden gaixo larri eta sendaezin publiko zirenak 765eko kolektibo baten lagunen artean. Hamar urte geroago, berriz, une honetan 15 lagun ditugu preso gaixo larri eta sendaezin publiko direnak, eta 6 gehiago ez publikoen artean. 264 lagunen artean. Ikaratzeko moduko zifrak ditugu hauek, espetxealdi luzeek, adin mailaren nagusitasunak eta espetxe politika ezberdinek erabat baldintzatzen dutenak.
Beraz, urte honen hasieran 21 preso gaixo larri kontabilizatu ditugu, irizpide medikutik ikusita beti ere. 21 lagun kaleratzea, Euskal Herrira ekartzea edo zainketa zein baldintza egokienak behar dituztenak. Iazko urte hasieratik hona zerrendako bi lagun kaleratu izan dira baina ez osasun arazoengatik, zigorra osorik bete ondoren baizik: Jose Ramon López de Abetxuko eta Manu Azkarate. López de Abetxuko, gainera, kartzelan 29 urte bete ondoren eta 69 urtekin atera da. Baina, era berean eta tamalez, iaz Xabier Rey presoak bere buruaz beste gin zuela aipatu beharra dago: kolektibo honek urtetan pairatzen diharduen espetxe politika ankerraren emaitza dugu hau. Aipatu beharra dugu ere etzi zendu zen Juan Mari Maizkurrena, orain dela urte eta erdi zerrenda anonimoan zegoena eta 2017ko ekainean biriketako minbiziak kaleratua. Bestalde, berriz, aipatzea patologia larriak dituen eta adin nagusikoa den Gurutz Maiza zerrenda publikoari gehitu zaiola, eta baita zerrenda anonimoan zeuden gaixotasun psikiko larria duen Kepa Arronategi eta askotariko gaitz larriak dituen Joseba Erostegi.
Aurten, beraz, gaixotasun ezberdinak biltzen dituen 21 lagunen zerrendarekin hasten dugu urtea. Gaixotasun hauetako batzuk bereziki kezkatzen gaituzte eta gaixoak lehenbailehen kaleratzea nahitaezkoa ikusten dugu: gaixotasun psikiko larriak dituztenak, bereziki; minbiziaren fase larrietan daudenak; endekapenezko gaixotasun larriak dituztenak edota bihotz gaitz arriskutsuak dituztenak. Zerrenda publikoan zein ez publikoan daudenak: baditugu anonimotasuna gorde nahi duten gaixo larriak baina edozein momentuan agerpen publikora pasa daitezkeenak, larritasunak berak edo bere borondateak eraginda. Hauendako guztiendako nahitaezko baldintza da kalean egotea, kartzelan egoteak beren osasuna larriki kolpatzen eta kaltetzen duelako: beharrezkoak diren baldintzen gabezia, muturreko larrialdi bati erantzuteko ezintasuna, kartzelaren mugak eta egiturak sortzen dituzten ezintasunak, kartzela sistemari berari dagokion tentsioa...Hau da, kanpoan osasun asistentzia publikoak eskaintzen eta betetzen dituen protokolo berberen pean egon beharko luketen gaixoak dira hauek, baina ezinezkoa dutena espetxean egonik.
Eta, azkenik, gure urteroko ebaluazioan behin eta berriz errepikatzen badugu ere, hainbeste urtez eta hain gaitz larriak dituzten pertsona hauek kalean eta baldintzarik gabe egon behar direla uste dugu. Kartzela eta kartzela denbora heriotza arriskuko gune bilakatu dira pertsona hauentzat, urteetako gertakizunek behin eta berriz azaltzen diguten bezala. Bai alde medikutik eta baita alde humanitariotik ezin da onartu hainbeste heriotza eta hainbeste sufrimendu hain denbora luzez mantentzea. Arduradunek jakin dezatela pertsona hauen osasunaren eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez dela.