ETXERAT. Gasteizko Legebiltzarraren atarian bildu gara aurten ere Memoriaren Egunaren harira, biktima eta sufrimendu guztiak aitortuak izan daitezen aldarrikatzeko.

Euskal preso politikoen urrunketak honako ondorio hauek eragiten ditu senide eta lagunengan: lesio fisiko eta psikikoak, sufrikario emozionala, galera ekonomikoak eta giza eskubideen funtsezko murrizketak, hala nola, Europako Zuzenbideak aldarrikatzen duen familia-bizitzarako zein segurtasun fisikorako eskubideen kaltetzeak, ekidin daitezkeen arriskuak ezartzen zaizkigula. 28 urte luze hauetan urrunketa politikak biktimak eragin ditu eta gaur egun eragiten jarraitzen du: giza eskubideen urraketen biktimak; 16 hildako hain justu.

Etxeraten ustetan, eta horrela azaldu diegu Legebiltzarrean ordezkaturik dauden talde politikoei, motibazio politikoko bortxaren testuinguruan Euskal Autonomia Erkidegoan, 1978 eta 1999. urteen artean izandako eskubideen urraketen biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako uztailaren 28ko 2016/12 Legearen irakurketa zabal batek aukera eman behar luke biktima horien aitortza eta baita erreparazioa izendatzen. Bazterketa bidezko eskubide-urraketaren irizpidea eta ez-egitearen bidez oinarrizko eskubidearen lesioa eragitearen irizpidea dira horretarako gakoak.

Horregatik, gure arrazoiak eta argudioak azaldu nahi ditugu: Sakabanaketaren ondorioz izandako hildakoak segurtasun fisikorako eskubidearen urraketaren biktimatzat, eta bere kasuan, bizitzarako eskubidearen urraketaren biktimatzat hartzea aldarrikatzen dugu gaur.

Ez dugu minaren sailkapenik edo alderaketarik egin nahi, hori etikaren eta gizatasunaren aldetik onartezina izango litzatekeelako. Baina, aitortu gabeko sufrikario bati eta, une honetan oraindik aktibo dagoen giza eskubide urraketa izanik, sufrikario eta kalte konponezinak eragiten ari den egoera bati heldu nahi diogu. Beste gatazka-leku batzuetan sufrikarioaren berdintasun morala deitu izan den horren atzetik gabiltza. Helburu bakarrarekin: inoiz berriro errepika ez dadin.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

argazki.jpg